Aitor Etxarte: Bi berri

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 7a

Bat. Madrilgo Lengua de Trapo argitaletxeak “El estado de las cosas de Kortatu (Lucha, fiesta y guerra sucia)” kaleratu du Roberto Herrero eta Isidro Lópezen eskutik. Sistema ideologiko eta musikalaren bazterrean aritu zen taldearen liburua. Euskal inteligentziak, kultur erakunde eta unibertsitateek, ematen duenez, ez dute gaia interesgarritzat jo. 25 urtetik gora Kortatu desegin zenetik memoria aktibatzeko aukera. Gomendagarria. Hitzaurrea Atxagak idatzi du.

Bi. Hispanitateko komunikazio proiektu sistemikoa da PRISA (Liberty Acquisition Holding inbertsio funtsa estatubatuarraren esku dago). Propietate askoren artean El País, As edo Cinco Días egunkariak; Ser irrati katea, Los 40 Principales, Máxima FM, M80, Radiolé edo Cadena Dial; Santillana, Alfaguara, Taurus edo Aguilar argitaletxeak; Canal+ eta gehiago. Larunbatean eta igandean, beste hamaika aldietan bezala, aparteko espazioa eman dio Atxagari bere azken liburuaren garrantzia azpimarratuz.

Aste berean egilea agertu da proiektu antisistema izan zen Kortaturen liburuaren hitzaurrean eta komunikazioan eta kulturgintzan proiektu sistemikoaren paradigma den El Paísen. Idazleak idatzitako liburuak baino gehiago saltzen duen garaian bizi gara, orkestra zuzendariari orkestra berari baino balio handiagoa aitortzen zaiona, irudia estimatzen zaio komunikatzaileari eta ez hainbeste diona.

Peter Wollenek idatzi du: “Arte garaikidean (…) giza errealitatetik erretirada gertatu da banakako eremu estetikorantz, ideologikoki ustez inuzentea dena. Artearekiko konpromiso hutsaren izenean. Horretarako, gaia desagertzea edo desaktibatzea oinarrizko baldintza da, ideologiaz tindatua dagoelako eta artista eta bere lana politikoki nahasten dituelako.”

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!