Argazkian adin ertaineko emakume ederra, aldi berean gazte eta heldu. Elena Laka da, eta elkarrizketa egin diote egunkarian, Euskaltzaleen Topagunean presidente berria izendatu dutelako.
Norbaiti irakurria diot elkarrizketetan nahi lukeela agertu ‘argazkietan interesgarri eta erantzunetan eder’ Eta Elenaren elkarrizketan horixe gertatzen da. Argazkian interesgarri dago, ezpainak gorri lege-liburu artean. Eta erantzunetan eder, euskararen erronken jakitun eta euskaltzaletasuna kutsatzeko ilusioarekin.
Lehendik ere laguna nuen Elena, irrati tertulietan elkarrekin arituak gara. Orain Euskaltzaleen Topaguneko presidentzian ordezkatu nau, eta erabat sinetsita nago presidente bikaina izango dela mugimenduarentzat eta enbaxadore ezin hobea euskararentzat. Zorterik onena, Elena.