Fernando Mendiola: Kolpeka

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 4a

Suarez lehendakaria hil berria, nonahi agertu dira komunikabideetan otsailak 23ko estatu kolpearen inguruko berriak. Hori ez ezik, aurreko kolpea dabil orain askoren ahotan, Armada Jeneralaren kolpea, alegia. Trama zibil zabala omen zuen horrek, barnean eskuin, zentro eta ezkerreko politikari batzuk egonik. Informazio partzialak, testigantza kontrajarriak, ukazio orokorrak... Kontua da oraindik ezinezkoa zaigula gertaera horiei buruzko ikerketa sendoa burutzea, sekretupean baitaude garai hartako dokumentu eta grabazioak.

Zoritzarrez, ilunpean mantentzen da oraindik gure historia hurbileko pasarte garrantzitsuenetako bat. Argi dago batzuk errepresioa gogortzeko, ejertzitoaren boterea indartzeko edo, estatuari aurre eginez, borroka armatua bultzatzeko hautu sendoa egin zutela. Militarismoaren bide horiek ezagunak dira, baita horren eragin krudel eta antidemokratikoak.

Ezkutuan gelditzen da, berriz, horren atzean dagoena. Nortzuk bultzatu eta baimendu zituzten bide horiek? Zein tresna erabili zuten haien hautua indartzeko? Zein etekin bilatu nahi zuten horrekin? Hauexek dira, besteak beste, trantsizioaren militarismoaren historiaren alde ilunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!