Eskandinavian negua hain da gorria, aroa hain da ilun eta gordina, Kopenhage bezalako hirietan, hiritarrek, lantokira alde egiten dutelarik, ez baitute sukaldeko lanpara itzaltzen. Gisa honetan, kale itzaltsu eta izoztuetan barrena itzultzean, jendeari pozgarria zaio etxeko leihoan argi epela ikustea eta, bakarrik biziz gero, norbait zain izan dezatekeela imajinatzea.
Hans Christian Andersen idazle daniarrak Ene bizitzaren ipuina lanean dioenez, aita arotza kasik negua bezain hotza zuen, kasik negua bezain iluna, harik eta igandea heltzen zen arte: «Aitak beti nahi nuena egiten uzten zidan; izugarri maite ninduen, niregatik bizi zen. Igandeetan marrazkiak egiten zizkidan, eta antzerkia, eta antzaldatzen ziren panpinak, eta Holbergen komediak irakurtzen zizkidan, eta Mila gau eta bat gehiago liburuko ipuinak. Nik ongi gogoratzen dut une horietan bakarrik zela zoriontsu, izan ere, bizitzan, eta, artisau gisara, ez baitzen zoriontsu sentitzen».
Nolako egurra, halako ezpala dio esaera zaharrak, eta ez dago ukatzerik Andersenek gu ere zoriontsu egin izan gaituela bere ipuin ederrekin, baina badirudi bera ere —aitaren gisara— gizon tristea izan zela, eta neguaren kerua zutela bere begiek. Izan Jenney Lind kantari suediarrak errefusatu egin zuelako, izan homosexualitate balizkoa onartzeko gai izan ez zelako, izan —Voltaire, Hoffman, Leopardi edo Verlaineren gisara— itsusia zelako. Gizartearen mirespena eta aintza gorabehera, gizon goibel eta mingulina izan zen idazle daniarra.
Itsusitasuna dela eta, Viaje por España liburuan idazleak Ahatetxo itsusia ipuinarekin zerikusia duen elezahar bat jaso zuen, mairuen sineskera batekin lotura duena, zeren, haien esanetan, arrautza oskola urratzean, belakumeak zuri-zuriak baitira… Hala bada, behin batez, bele aita baten harridurak goia jo zuen txorikume zuria bistaratu zitzaiolarik; “Deabruaren bisaia!”, atera zitzaion orduan, eta bere lumajeari erreparaturik, ez zuen luma zuri bakar bat ere antzeman; bele amari horren zergatiaz galdegin ziolarik, hura, argibiderik eman ezinik gertatu zen: “Ez dut ulertzen, baina nago denborak argituko duela auzi hau”. Fru-fru-fru helgaldatu zen orduan bele aita baina, badaezpada ere, txorikumea ongi behatu ote zuen kezkarekin habiara itzuli zen, eta orduan umea zuri ez, baina gris antzekoa topatu zuen; belakumea zuri-zuria ez, baina beltz-beltza ere ez zelakoan, atzera berriz hegaldatu zen; eta berriro ere kezka piztu zitzaiolarik, habiara itzuli, eta oraingoan belea ikatza baino beltzago topatu zuen… Denboraren poderioz, bele ttikiak bere kolore propioa eskuratu zuen, denen onarpena lortu, baina Andersenek beti idealaren —zoriontasunaren— eta errealitatearen arteko kinkan ikusi zuen bere burua, eta, zentzu honetan, hona Gustavo Martín Garzok dioena: «Ezein istoriok adierazi du ametsaren eta errealitatearen arteko batera ezintasuna Sirenatxoa ipuin delikatu eta izugarriak baino hobeki, eta inondik ere idazlearen zinezko autobiografia jasotzen da bertan, noizbait ere munduko gizonik ezagunena izan zena eta errege nahiz printzeek aintzat hartu izan zutena, zeina, bizitzaren akaberan, ipuineko enperadorea bezain biluzik sentitzen baitzen. Zeren ongi erreparatuz gero ipuina zer da, ba, hitzez ehundutako traje bat besterik? Haren egitekoa egia argitara ekartzea da. Horrexegatik dira, izan, ipuinak, geure burua biluzik ikus ditzagun».
Guztiarekin, argi dago amodioa eta, horrekin batera, heriotza, direla Andersenen gai nagusia. Diotenez, heriotzako unean, gaztetako amodio gutun bat topatu zioten bularraldean gordea; baina bere nahia argiro idatzia utzi baitzuen, gutun hura irakurri gabe erre behar izan zuten. Kontuak kontu, badirudi Borgesi aurreratu egin zitzaiola, eta idazle argentinarrak baino lehenago idatzia utzi zuela: «Bekaturik larriena egin nuen: ez nintzen zoriontsu izan».
Alabaina, zorionekoak gu geu gara oraingo honetan, izan ere Literatura Unibertsala bilduman Andersenen ipuinak azkenik euskaraz irakurtzeko aukera paregabea baitugu —Hemeretzi ipuin, Martxel Eguenek itzulia—. Horrexegatik guztiagatik, lantokitik itzulian, etxeko leihoan klartasun epela ikustearekin batera, gutxienez badakigu, jakin, liburu ederrak ditugula, zain, gure bihotzen altxagarri.