Jon Abril: Entzierroa

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 3a

Ez naiz batere zezenzalea, aitortzen dut. Egia erran, ez dut ulertzen, oro har, animaliekin besta egin behar hori. Ez dut gozatzen, eta inork horrela gozatzen duenik ulertzea aunitz kostatzen zait. Eta hau Iruñean erratea ez da erraza. Ez da erosoa, eta ez da politikoki zuzena. Badakit. Nolanahi ere, aitortu behar dut, sekulako gozamena eragiten didala jendetzak erakusten duen uholdea, eta bereziki, asteotan saritu duten Pedro Armestreren entzierroa Estafeta karrikan barna doaieneko argazki hori, jendetza zintzilik ikusten den hori. Artistikoki, zoragarria da.

Baina benetako hizpidea eman didana, entzierroaren inguruan Iruñeko Udalak aurkeztu duen ordenantza izan da, eta polemika mahai gainean paratu. Ez dut irakurri, eta beraz, bere edukiaren gainean, nekez erran ahal izanen dut deus ere. Baina, azken urteotako gertakariak eta masifikazioa ikusirik, bistakoa da, entzierroa debekatzen ez den bitartean, neurriren bat hartu behar dela. Joan den urtean gertatutakoa errepika ez dadin, ez da nahikoa ate horietan neurriak paratzea. Besta eredua da aztertu beharrekoa.

Gizakiok badugu joera izugarria besta ona jendetzarekin lotzeko. Eta ez dut ukatuko, sanferminak munduko besta onenak direnik. Nik ere itzelezko juergak eginak ditut, eta gozaldi ederrak hartuak, eta oraindik ere, gustura joaten naiz sanferminetan, baita xuriz jantzita ere. Baina ezin da munduko bertze puntako aberatskumeak bestara deitu, eta gero, traban daudela erran. Polemika antzuetatik haratago, sakonean Sanferminak norentzat eta norekin egin nahi diren da berriz ere pentsatu behar dena. Eta uste dut ariketa hori ez duela egin nahi Iruñeko Udalak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!