Fermin Erbiti: 35 urte eta gero hau!

Euskalerria Irratia 2014ko apirilaren 3a

Mikel Bujandak gogoratu digu gaur goizean: duela 35 urte gerra ondorengo lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren Nafarroan, Foru Parlamentua eta udalak osatzeko.

Hogeita hamabost urteko balantze orokorraz hitz egin beharrean ariketa zehatzagoa proposatuko nuke, galdera bat eginez: zein da, zuen ustez, nafar agintarien ekimen hoberena eta eginiko hutsik handiena.

Hortxe sermoilariaren hautua: Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortzea izan da, nire ustez, urteotako erabaki garrantzitsuena. Agian eredua hobea izan zitekeen, baina unibertsitate publikoa ekimen onen sailkapenean lehenbizikoa litzateke niretzat.

Hutsen zerrendaburua, tamalez, ez daukat hain garbi, txapeldun izateko nahi baino gehiago ikusten ditudalako. Baina bakarra nabarmentzekotan, agian, atzo Parlamentuan hizpide izan zuten Nafarroako Kutxa aipatuko nuke.

Duela hogeita hamabost urte Nafarroak ez zuen unibertsitaterik, eta gaur badu. Duela hogeita hamabost urte Nafarroak kutxa bat zuen, eta gaur ez du. Horren ondori larriak garesti ordaintzen ari dira nafar asko eta asko.

Eta inork erantzukizunik hartu nahi ez badu ere, badira errudunak: erabaki okerrengatik edo utzikeriagatik Nafarroako Kutxa pikutara bidali duten nafar agintariak.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!