Inongo lotsaizunik gabe erakusten du gaurko argazkiak erregela puskatu dutela, berriz ere. Miguel Jose de la Peña, Donibane auzoko Anjel Berrueta okina hil zuen gaztea, kalean da, hamar urte kartzelan igaro ondoren. Zigorra osorik bete gabe atera da hilketa politiko bat burutu zuen gazte hura.
Asko izan dira gure artean hilketa politikoak, bat larregi denean ere… Baina, Espainian, delitu beragatik zigorrak eta hura betetzeko baldintzek aplikazio diferentea dute, baldin eta nor den biktima eta nor hiltzailea.
Bidegabekeria eta injustizia da hori. Iraina, egoera bertsuan egon daitezkeenentzat; iraina, haien etxekoentzat; iraina, gizarte osoarentzat. Iraina, sistemarentzat. Baina ez dio axola, nonbait.
Beraien kausaren forofo hutsak dira. Futbolean bezala: berdin da partida ona ala txarra izan; irabaztea da kontua. Hemen, antzera: kontua da nireak kanpoan egotea, eta lehenbailehen…