Igaro da, beraz, martxoaren azkena, martxoaren 31a eta hementxe gaude. Berdin berdin. Atzo bezain gaizki, edota okerrago, izan ere, atzo jaso genuen berri bakarra defizitaren objektiboa ez dela bete izan baitzen.
Maiatzaren 25ean hauteskundeak egonen dira. Europako Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak. Barcina ere horretan ez da egonen, UPNek ez baitu hauteskundeetan parte hartzeko asmorik, Europarako badira ere.
Ez da harritzekoa, izan ere, UPN sekula Europara begira egon ez den alderdia baita. Nahikoa du Espainiarekin eta Estatuko gobernuaren takigraforik gabeko despatxo ilunetan guztiongan eragina dituzten erabakiak tokiz eta denboraz kanpo hartzearekin.
Barcinak ezin du imajinatu sikiera beste gobernu bat Nafarroarentzat. Hara, hau ez da berria. Bagenekien irudimen larrikoa zela. Gainontzekoek, aldiz, Irudimena lantzeko nahikoa astia izan dugu eta argi dugu beste gobernu bat posible dela. Orain, 2015a arte denbora dugu hori gauzatzeko.
Bien bitartean, Barcinaren UPNek agortuko ditu epeak eta baliabideak. Baina, gure irudimena agortezina da eta irudimenaren dohaina da, hain zuzen, egungo gobernuarekin alderatuta dugun abantailarik handiena. Aprobetxa dezagun.