Sabino Cuadra, Amaiur koalizioko diputatu nafarrak “Arrojado a los leones” izenburuko liburua idatzi du. Bi urte luze daramatza Madrilgo Kongresuan lanean. Denbora tarte honetan izan dituen bizipenak jasotzen ditu lan honetan.. “Nahiz eta bazterturik egon txoko batean, aukera daukagu han gertatzen diren miseriak bertatik bertara ikusteko. Gainera, inongo lotsarik gabe ari dira. Maskara kendu dute eta eskubide gehienak ari dira suntsitzen”. Hala esan digu legebiltzarkide abertzaleak.
“Arrojado a los leones” liburua, oinarrizko militante baten gogoetak direla adierazi du Metropoli Forala saioan Sabino Cuadrak. “Espainiko parlamentua oso arrotza, oso hotza, oso urruna da guretzat. Dena den, gugan eragin handia duten erabakiak hartzen dira. Sarritan, etsigarria da. Gai guztiak aurretik erabakita daude. Gehiengo osoa du Raxoik”.
Hemeziklotik at
Amaiurko diputatuak azaldu digunez, Esperientziarik aberasgarriena hemiziklotik haratago gertatzen omen da. “Gu geu, koalizio barruan bildu garen kideak oso anitzak gara; Talde Mistoan dauden beste alderdien artean ere aniztasuna da nagusi. Oso jatorri eta tradizio ezberdina dugun ordezkariak gaude, elkarren arteko esperientzia oso aberasgarria izan da eta harreman asko lotu ditugu. Kalean ere eragile askorekin egoteko parada izan dugu eta sareak ehuntzen ari gara eta zubiak egiten.