BEZaren itzulketen ordainketak atzeratzeko trikimailuak oro gorabehera, Nafarroak ez omen du erdietsi Espainiak ezarritako defizit-mailari eustea.
Barne-produktu gordinari dagozkion datuak ere ez dira oso onak hemen, Espainian oro har onak ez diren bezala.
Europako Batzordearen 2013ko txosten baten arabera, 2009tik hona 3 enpresa berritzailetatik 1 galdu du Nafarroak, nafar lehiakortasuna ere makal samar dabil eta horretan eragina omen dute ustelkeriak eta nafar erakundeen kalitate eskasak.
Nafarren % 8ak 454 euro baino gutxiago dauka hilabetea pasatzeko, eta pobreen eta aberatsen arteko diferentziak gero eta handiagoak dira Foru Erkidegoan, Espainian oro har gero eta handiagoak diren bezala.
Hori guztia ikusita, 4 nafarretatik kasik 3k uste omen dute Nafarroako ekonomiaren egoera txarra edo oso txarra dela.
Hala ere, nafarren heren bat joanen litzateke Nafarroako lehendakariarekin garagardo batzuk hartzera.
Egia izanen ote da orain dela gutxi lagun bati entzun niona? Hots, Nafarroako arazoa ez dela politikoa baizik eta psikiatrikoa?