Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa (audioa, behean):
Ilargian galduak
- Ilargian ez da emakumerik izan: joan den astean, Eider Rodriguezek eta Zaloa Basabek izen horretako mintzaldia eman zuten Katakrak liburu-dendan, Tximiniak saioan, eta objektu mutuen irakurketa feminista egin zuten.
Rodriguez eta Basaberen hitzaldia iragartzeko afixako irudi nagusia
- Eta egun hartan berean, ortzegunean, ikasleak protesta egitera atera ziren. Diario de Navarrak aise laburbildu zuen biharamunean manifestazioa: kale borroka. Ez zigun azaldu, ordea, zer egin beharko genukeen aditu diezaguten.
- Bidenabar, Cordovillako egunkariak deskubritu du Leitza ez dagoela ilargian. Diario de Navarra etengabe ari da albisteak ematen zinema espainolaren azken arrakastaz, eta, auskalo, beharbada egun batean aldarrikatu du zortzi euskal abizen horiek nafarrak direla.
- Ez du balio ilargira joateko, baina Madrilgo aireportuak Adolfo Suarez izena hartuko du: aukera egokia, toki berean Espainiako demokraziaren bi osagai bilduko baitira, adostasunaren gorazarrea eta azpiegiturak.
- Epaitegi konstituzionalak erran du Katalunia ez dela subjektu politiko beregaina, erkidego autonomoa delako: Konstituzioa demokraziaren neurria da, baina bi galdera egin litezke: ea konstituzioa bera oso demokratikoa den; eta ea ilargitik eroritako dokumentu neutroa den eta garai jakin bateko indar harremana islatzen duen agiria.
- Nafarroan hauteskunderik ez: Yolanda Barcinak uko egin dio hauteskundeak deitzeari, baina hauteskundeei begira ari da. Urtebeteko hauteskunde kanpaina luze eta naski zikina dugu esperoan.
- Javier Lecumberri, UGTko idazkari berria, ilargitik etorri berria. Sindikalismoa helburu politikoak eskuratzeko erabiltzen duten sindikatuak kritikatu ondoren, UPN eta Bildu gabeko gobernua eskatu du Lecumberrik.
- Herritarrak lurrean bizi dira; zinegotzi batzuk, ordea, esfera zerutiarretan, eta horregatik ez dute isunik ordaintzen, autoa gaizki aparkatuta ere. Udaltzainen nagusiak, halere, dagoeneko adierazi du zinegotzien kontrako salaketak legez kanpo daudela.
- Elkarrizketa egin diote Jose Miguel Nuini Diario de Noticias-en, eta, bertzeak bertze, erraten du Euskararen legea aldatzearen alde dagoela bere alderdia, D eredua Erriberan ere eskaintzeko.
- Ortzegunean, Iruñeko filmoteka ere zona euskalduna izan zen, eta Miriam Ayçaguerren Ni nüzü dokumentala eman zuten. Hori dela-eta, amai dezagun gaurko dekalogoa Zuberoako kanta batekin.[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=17Pl2VbUqqU[/youtube]