Idurre Eskisabel: Haurtzaindegia

Euskalerria Irratia 2014ko mar. 28a, 11:53

Honezkero egin dituzue algara batzuk gaurko aukeratu dudan argazkiarekin, zera baita, atzo hogei minutu luzez, Espainiako hedabide nagusien digitalak Kanariar Uharteetan gertatu ez zen hegazkin istripu baten berri ematera bultzatu zituen irudia. Zera ikusten da: itsaso zati urdin bat, eta azken fokuan, metalezko egitura handi xamar bat, lehen begibistakoan hegazkin baten soslaia ematen duena. Baina aintzinateko filosofoek deskubritu bezala, zentzumenek engainatu egiten gaituzte, ilusioa besterik ez dira, eta itsasora amildutako abioia lirudikeena atoan garabi bat daraman plataforma bat baino ez da.

Kontua da, ordea, jende hipermodernoa oso espezie bizkorra garela, eta, gainera, bizipen intentsoen eta atentzio pixka baten ehizan bizi garela. Beraz, itsasertzetik garabiaren soslaia ikusi zutenek nahiago izan zuten istripua izandako hegazkina ikusi. Eta ez ikusi bakarrik, baizik eta larrialdietakoei abisua eman eta telefonoarekin argazkia atera ere bai -ziurrenik ordena alderantziz izan zen: lehenik argazkia atera eta gero larrialdietara deitu-. Eta jakina, twitteren publikatu. Eta larrialdietan ere jende hipermodernoa, bizipen intentsoen eta atentzio pixka baten ehizan; hots, istripuarena sinesteko gogoz. Eta berdin aireportuko kontrol dorrean, eta hedabide nagusietako erredakzioetan. Eta lehena izateko leiha itsu horretan elur-bola segundo batzuetan egin zen erraldoi, eta horrelaxe, garabia baino ez zena 150 bidaiari zeramatzan hegazkin amilduaren drama bihurtu zen.

Neuk ere egin ditut algarak, baina jarri naiz pentsatzen, eta zera, aitortu behar dut neu ere gai nintzatekeela garabiaren argazkietatik abiatuta hegazkin istripuaren albistea twitteren emateko. Une batez, argi ikusi dut zer den mundu hipermodernoa: haurtzaindegi erraldoi bat, bizipen intentsoak eta atentzio pixka bat besterik nahi ez duten mukizuz beteta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!