Adolfo Suarez hil berri dela eta esandakoak entzuteko ere jaioak gara.
Suarez Movimiento Nacionaleko Idazkari Nagusia zenean, ni neu, EHAS eta HASIko kidea nintzen. Bera, Francok jarritako erregearekin bat egiten zuen bitartean, nik independentzia eta sozialismoaren alde egiten nuen.
Suarez, denboraz, eskuin eta ezker españolen zati batzukin sistema faxistaren aldaketa bultzatzen hasi zenean, nik demokrazia osoaren alde egin nuen apustu Euskadiko Ezkerran.
Hemen, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Euskadiko Ezkerra orduko neure alderdia, berarekin eta bere ondokoekin Gernikako Estatutua negoziatzen ari zirenean, ezker abertzaleak guztiz kontra ziharduen. ETAk ere bai, oso bortizki, gainera.
Joan zen egunean, Euskal Telebistan Garaikoetxea lehendakari ohia, Suarezek zer nolako lan bikaina egin zuen Estatutua aurrera ateratzeko esaten entzun nuen. Eta gaur, Estatutuaren hain kontra zegoen Bildun dagoela ikusirik, berriz ere, hamaika gauza ikusteko eta entzuteko jaioak garela pentsatu nuen!
Lasai, inor ez dadila haserretu. Nitaz ere gauza bera pentsatzen dut.