(Neuilly-sur-Seine, Paris, Frantzia, 1903 - Los Angeles, AEB, 1977)idazlea izan zen. Erotismoa askatasunaren gorazarre, inzestoa… bizipen eta harreman ez ohikoak. Horiek guztiak ezagutuko ditugu haren liburuetan, bereziki bizitza osoan zehar idatzi zuen Journals (1931-1971, Egunkariak) 15.000 orrialdetik gorako bilduman.
Josetxo Azkonak emakume harrigarri honen esaldiak ekarri dizkigu Epiktotoren kutxan sartuta.
* Sexuak eta bihotzak batera taupa egiten dutenean, orduantxe sortzen da gogo-bahitzea, estasia.
* Ezetz erraten diot mundu arrunt batean bizitzeari, zertaz eta, ez bainaiz emakume arrunta.
* Memoria traidore handia da.
* Bizitza zabaldu edo estutu egiten da, bizitzari ematen diogun balioaren arabera, norberaren adorearen arabera.
* Gutxienez, bi emakume izan dira beti nire baitan. Bata, etsiaren eta nahasmenaren menpekoa da, zeinak itotzen ari dela sentitu izan baitu. Bertzea, aitzitik, jauzika dabil, ekintzan sartzeko irrikan.
* Ez dut harreman arruntik nahi. Estasia nahi dut. Bai, neurotikoa naiz, erran nahi baita, ene munduan bizi naizela eta ez naizela egokituko mundura. Neure buruaren araberakoa naiz.
* Sakonki bizi diren pertsonak, heriotzaren beldurrik gabe bizi dira.
* Zuretzako eta niretzako unerik onena ez da, hain xuxen, arrazoitzen dugunean; arrazoitzen ez dugunean da, hain xuxen, unerik onena guretzat.
* Hein batean, ametsek osatzen dute bizitza, eta haiek atxiki behar dizkiogu ekintzari
* Biziki bizi ezazu bideko zernahi amodio-mota: bai amodio librea bai ez-librea; ezkonduta edo ezkondu gabe egonik, heterosexuala edota homosexuala izaki.
* Ez dut uste, amodio kontuetan, erantzuteko modu bakar bat dagoenik
* Haragiak haragiaren kontra igurtziz perfume bart sortzen du, baina hitzen elkarren arteko igurtziak ez du samina eta desadostasuna baizik sortarazten.
* Gizonen krudelkeria erruak, beldurrak eta ezintasunak sortarazten dute.
* Asko kostatzen zait norbaiti estimu hartzea; nire gisa bereko jendea bertzerik ez dut estimatzen.
* Suntsitze prozesuan harrapaturik gelditzen garenean, ate bat zabaldu behar zaio sorkuntzari.
* Dagoen anormaltasun bakarra, maitatzeko ezintasuna da.
* Erotismoa da norberari buruzko ezagutzaren oinarrietako bat; erotismoa da poesia bezain nahitaezkoa.
* Maite nuen gizona nire gogoan barrena zebilen, nire besoetan, nire gorputzaren barrenean… Iparreko haize beltzak jotzen zuen, eta formak eta usainak ari ziren desegiten. Gizonaren hazia pozoia zen, amodiozko pozoia.
* Gauzak ez ditugu sekula ikusten haiek diren bezalakoak; gu garen bezalakoak ikusten ditugu.
* Sutan baizik ez dut sinesten: su biziduna. Eta sutan nagoela, aldamenekoak oro pizten ditut. Heriotza behin ere ez: sua eta bizia.
* Mundu bizigarri bat egiten duzunean zuretzat, mundu bizigarria egiten duzu ororentzat.
* Nik ez dut egunez eguneko txinpartarik gabeko bizimodua atsegin. Une gorenen bila nabil bakarrik.
* Haren besoek inguratu ninduten. Ni duda-mudatan nenbilen. Sentimendu-zirimola baten mendera nengoen. Haren ahoa desiratzen nuen, baina beldurrak beretu ninduen. Sentitu nuen anaia bati musukatu nahian nenbilela, baina hain zen indartsua tentaldia…
* Maitasuna da nire bizitzaren ardatza eta elikagaia.
* Artea lebitatzeko metodo bat da. Arteak lurrarekiko menpekotasunetik askatzen du.