Partekatu hitza oso nafarra iruditzen zait. Berez Iparraldeko hitza da, baina Iparraldeko jendea eta gu, aizue, odol berekoak.
Partekatu hitzak, batetik, zatikatu, puskatu esan nahi du; eta bestetik, konpartitu, banatu ere esan nahi du. Hitz bakar batean, haustura eta elkartasuna bat eginik.
Nire familia, Nafarroako askoren antzera, partekatua dago politikoki, hautsia, zatikatua. Politikaren mutur bateko eta besteko jendea dugu gurean, eta bi mutur horiek, uste baino elkarren antz handiagoa izanagatik, elkarri bizkar emanda bizi dira. Tarteko “epelok” ere gure lekua dugu familian, noski, ezker-eskuin, politikaren espektro guztia osatuta.
Duela hamar bat urte, adibide gisa, gurasoek bazkari bat antolatu zuten gure baratzean familia guztia biltzeko asmoz, gure artean ez baita liskar handirik sortu, beharrik, oso bestelako ideia politikoak baditugu ere. Horrela, Nafarroako esparragoak, piperrak, barazkiak, axuria eta ardoa jarri genituen mahai gainean, hogeita hamabost lagunek, hor nonbait, elkarrekin partekatzeko moduan.
Nire parean lehengusina bat jarri zen, José María Escrivá de Balaguer santu egin zuteneko hartan Erromara joan zena, ospatzera. Haren ondoan, beste lehengusu bat, euskal presoen torturaren aurkako mezua zeraman kamiseta bat jantzita etorri zena, beharbada, “bazkari familiarra bai, borroka ere bai” ideiari jarraituz.
Orduko hartan ere ez zen liskarrik sortu gure artean. Bazkari lasaia eta bazkalondo alaia izan eta gero, arratsean, nor bere Nafarroa partikularreko etxera bildu zen.
Eta horixe da dena, lagunok, ez espero ikasbide garbirik honetatik; besterik gabe, zuekin partekatu nahi nuen familia nafar baten nahasmendu bipolarra.