Batzuetan kexatzen gara euskarak kultur eskaintza urria duelakoz Iruñean. Kexatu, orobat, euskarazko kultur eskaintza urri horrek erantzun are urriagoa izaten duelakoz, bertso saio bat denean izan ezik. Lerro hauek sinatzen dituena ez da, horri dagokionez ere, baikorrena izaten. Hori hala da. Edo hala zen, beharbada. Joan den asteko egun bat baino gehiagotan euskal kulturaz gose dabilena bi ekitaldiren artean hautatu beharrean aurkitu zen egun bat baino gehiagotan. Bihar hiru izanen dira aukeran: poesia, zinema, saiakera. Eta erantzuna? Ez dakit. Atzo, arrastiri benetan gorrian, euria elur bilakatu nahian ageri zelarik eta karrikan otsoak eta eroak baizik ez zebiltzalarik, 80 entzule bildu ziren planetarioan, Joan Sarasuaren azken liburuaren berri izateko. Hau ikara, honek Donostia ematen du.