Gero eta agerikoagoa da: txupinazoarena aldatu behar da. Azken urteotako amarruek egungo sistema hutsaldu dute. Iruindar gehienek ohoretzat dute suziria botatzea, baina egungo sistemarekin jarraituz gero desohore bihur daiteke.
Sistema aldatzeko, sanferminei hasiera emateko txapligua jaurtitzeko ohorea bereganatu nahi duten herritarrei eskaintzen ahal zaie.
Izena emateko epe bat ireki, eta izena eman dutenekin zozketa bat egin daiteke, hauteskundeetarako mahaiak osatzeko egiten den eran ordezko eta guzti aukeratuz, den-dena aurreikusi behar baita sanferminek berezko duten naturaltasunari eusteko.
Eta, esan gabe doa, boluntarioen zerrenda luzea izan daitekeenez, inork ezin izanen luke etxafuegoa behin baino gehiagotan jaurti.
Baina baldintzarik inportanteena, zorrotz bete beharreko araua, dena zintzoki egitea da, azpijokorik gabe. Horrek, berez, baliozko bilakatzen baitu edozein sistema, baita oraingoa ere!