Pianoaren alde banatan daude bi artistak; teklatuaren aldean Wim Mertens, 70eko hamarkadan ezagutu genuen musikari minimalista hura; aurrez aurre Kirmen Uribe dauka; bien arteko sintonia ona transmititzen dute irudiek. Kirmenen “Mussche” oinarri hartuta, entzunkizuna prestatu dute; entzunkizuna, diot, musika eta hitza izango dituelako osagai, eszenaratze oso xumean.
Eta azala argazki horrekin beteta, BERRIA erabat desberdindu da beste egunkari guztietatik. Izan ere gaur azalak edo Azkunaren hiletarentzat edo Suarezen hil kaperarentzat izan dira. BERRIAk barruko orrialdeetan kokatu ditu bi gertakizunok, eta nola esan, Mertensen pianoa bezain argazki minimalistak eskaini dizkie, esanguratsuak erabat aldi berean. Suarezenaren argazkian Espainiako Kongresu aurreko lehoietako bat ageri da lehen planoan; haren atzetik Espainiako banderan bildutako zerraldoa, soldadu batzuek daramatela. Azkunaren hiletako argazkian, katedralaren kanpoaldekoa hautatu du BERRIAk: aurrez aurre, Azkunaren aurpegia pantaila betean; hari begira hainbat jende, ilaratan eserita, atzetik hartuta.
Komatxo artean idazten den “kronika sozialeko” argazkiei muzin egin die euskarazko egunkariak. Izan ere, atzoko irudiak, telebistan batez ere, HOLAk eman ohi dituenen antzekoak ziren: Espainiako printze-printzesak Bilbon, Errege-erreginak Madrilen… eta pelikuletako hiletak ziruditen, luto zorrotzez jantzita ia denak. “Agurra eta ikusmina” jarri dio izenburu Aitziber Laskibarrek Azkunaren hiletaz egin duen kronikari. Bigarrenetik, ikusminetik, dexente izan zuten bai, “gertaera sozial” horiek