Nekane Perez: Euskararen udaberria

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 24a

Udaberria heldu da eta berekin espero genezakeen eguraldi onak eskapo egin du, bere ordez elurra etorri da. Elur malutekin udaberriari ongi etorria emateak bere xarma du, Nafarroan horrek ez gaitu harritu, azkeneko boladan ezohikoa dena arrunta bihurtu da. Hala ere, berdin da nola, udaberria jadanik hemen dugu; euskarak ere bere udaberria behar du, berdin da udaberri hori nola hasten den, kontua da bukaera gabeko negua ez onartzea batzuek nahi duten bezala.

Inoiz ez dut ulertu gurasoek mina ematea bere txikiei, gurasoak seme alabei zaintzeko, babesteko, maitatzeko, hezteko, laguntzeko daude. Inoiz ez mina emateko. Euskara ez da haur bat, gurasorik ez ditu, baina izan beharko luke lege bat, hizkuntza politika bat babesteko, sustatzeko, zabaltzeko, sendotzeko. Ez du, ordea, mingarria bada ere sendotu beharko lukeena itotzen saiatzen da behin eta berriro.

Aldaketa garaia dela aditzen dugu nonahi eta egia da eraldaketa behar dugula, ez gezurrezkoa, ez sasi aldaketa. Nik ere uste dut etortzear dagoela, baina ezin gara gelditu nork ekarriko duen zain, aldaketa - euskaraz biziz - gutako bakoitzak ekarriko du elur malutek udaberri ekarri duten bezala.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!