Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa (audioa, behean):
Atzera begira, aurrera begira
- Larunbatean, manifestazio erraldoia egin zen Iruñean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta Nafarroako Gobernuaren politika salatzeko. Eta erakusteko, politika hori gorabehera, euskal hiztunen komunitatea gogotsu dabilela. Kerobiaren kantak dioen bezala, gauzek ez dute nahi genuen bidea hartu, baina damutu aurretik hobe dugu borrokatu.
- Igandean, Diario de Navarrak ez zuen manifestazioa azalera ekarri, baina bai Lourdes Goikoetxearen hitz hauek: “Siento que se me ha rapado la cabeza y paseado desnuda como escarnio”. Deigarria da, atzera begira, betidanik borreroen alde aritutakoek nola bereganatzen duten biktimen erretorika; eta deigarria da zer memoria motza duten: Goikoetxearen kontrako akusazioak publikoak izan dira, eta bere burua defendatzeko aukera izan du; Nafarroan badira 1.600 irakasle baino gehiago hori erraten ahal ez dutenak.
- Aurrera begira: bihar, martxoak 25, Jon Sarasuaren Hiztunpolisa liburuaren aurkezpena izanen dugu Iruñeko Planetarioan. Eta aurrera begira idatzitako liburua da, euskalgintzan etorkizuneko estrategiak eta bideak zein izan daitezkeen proposatu nahian.
- Aurrera begira: ortzegunean, martxoak 27, Iñigo Astiz eta Mikel Ayerbe Iruñeko Hizkuntza Eskolan izanen ditugu, Hondakindegia emanaldi poetiko EZ musikatuarekin.
- José Iribasek, itxuraz aurrera begira baina zinez atzera begira, adierazi du erlijio eskola ziurtatuko diela ikasgai hori aukeratu nahi duten familia guziei. Eta akaso arrazoi du, baina franko eztabaidagarria da zer irakasten den erlijio eskola horretan, nahiko zalantzagarria zer eskaintzen zaien ikasgai hori aukeratzen ez duten ikasleei, eta arras desiragarria hainbertzeko kemena jarriko balu bertze familia batzuen eskubidea (euskara eskatzen dutenena, adibidez) ziurtatzeko.
- Iñaki Azkuna hil da. Eta ia-ia dena errana dago hari buruz, baina ez dakit “kudeatzaile handia” izatea egin daitekeen gorazarrerik handiena den.
- Adolfo Suarez hil da. Eta kazetari guziek aprobetxatu dute Trantsizioan egindako lana goraipatzeko.
- Ipar Euskal Herrian udal hauteskundeak izan dira, eta abertzaleek goiti egin dute nabarmen. Eta horrek, aurrera begira, akaso onurak ekar ditzake.
- Joan den asteko ortziralean Poesiaren Munduko Eguna izan genuen, eta horren kariaz, Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bildumaren lehen hiru aleak aurkeztu zituen, goizean Donostian, eta arratsaldean Iruñeko Katakraken. Donostian, Beñat Sarasola egileak hautatzeko irizpideez mintzatu zen.
Beñat Sarasola, Katakraken. Behean, ezkerrean azaltzen den burua Santi Leonerena da (Argazkia: @armiarma)
- Aurrera begira: fite, Iban Zalduaren azken liburua, Inoiz ez, inon ez, dendetan izanen dugu. Aurkezpena, apirilaren 5ean, Donostian izanen da. Eta, akitzeko, Zalduaren omenez, Biodiskografiak liburuan aipatzen zuen disko bateko kanta bat.
- [youtube]https://www.youtube.com/watch?v=ADFJGENj92E[/youtube]