Zertarako balio du karrika? Ematen du hiriak berezkoa duen mugikortasuna ahalbideratzeko espazioa dela, fluxuak egiteko kanalak, pertsonak lanerako bidean jartzeko, merkantziak garraiatzeko, bizitza kontrolatzeko. Bizitza urdin horretatik aparte, zertarako? kaleak, plazak, orube utziak sentimendu eta ideia kolektiboak adierazteko espazioak dira ere. Horrelakoetan, aldez aurretik ezagutzen ez diren pertsonek bat egiten dute, labur ala luze, aldarrikapen edo asmo baten inguruan. Denok ibilbide, norabide eta pausu berean eginez, diziplinatuki.
Kaleetatik desagertu dira hildakoak laguntzeko segizioak. Babesten dira, mugarik gabe, edozein aitzaki txatxuarekin jaia eta kontsumorako prozesio kaotikoak. Kriminalizatu dira ogia, lana eta askatasunaren jarraigoak polizia armatuak jarriz. Sustatu aste santuko segizio sadomasokista. Errotik mozten dira gazte kritikoen alderrai ibiliak alde zaharretik. Mimatu tabernen inguruko hiritar arrunten iskanbilak. Kaleak arau ikusezin eta asimetrikoak ditu. Horregatik Inditexen okupazioa zilegi da eta giza aldarrikapenak armatuen artean baimentzen dituzte.
Larunbata arratsaldez, berriro ere, tartetxo batean kalea gurea egin genuen biktimak garela adierazteko. Beste askotan bezala, han izan ginen. Zintzo bete genuen intentsitate gutxiko konpromisoa. Listo. Manifestazio bukatu, eta? Gainerako egunetan noren esku utziko dugu “euskaraz bizi nahi dut”? Traba guztien gainetik, kaleak guk geuk egin behar ditugu gureak. Noiz arte babestuko dugu gure burua Bestearen errepresioaren ostean?
Beste hark esan zuena gogoan: euskaldun jalgi adi plazara, jalgi karrikara.