Badirudi normaltasuna itzuli dela gurera, hots, Nafarroako Gobernura, Parlamentura eta oro bat nafar politikara.
Hala dirudi gaur egunkaria hartu eta irakurtzen dudanean ari direla aztertzen nola berrerabil daitekeen material medikoa… Gobernuko andrea eta jaun agurgarriak: austerizidioaz mintzatu gara maiz, baina honek beste izen bat beharko luke… Aurreztea, Defizita ez gainditzea, gastua kontrolatzea ezin du behin ere helburu nagusia izan, ez behintzat hiritarron eskubide eta osasuna beraren gainetik! Nahikoa da.
Berdin hezkuntzan, Buztintxurin eta Sarrigurenen ari gara ikusten zer nolako arazoak dauden eskolatan. Mendillorrin gertatutakoa gogoan dugu oraindik eta beste behin, bitan, errepikatu da akatsa.
Zer gehiago behar dugu behingoz onartzeko argi UPN kudeatzaile negargarria dela? Planifikazioan zero. Auzo berrietan zerbitzuak aurreikusten zero gehi zero. Eta, oro bat, baliabide publikoak kudeatzen, zero.
Hutsaren hurrengoa da gobernu hau eta hutsaren hurrengoa egoera hobetzeko eskaini dezakeen irtenbidea. Ospitalean erabilera bakarreko materialak birritan erabili. Mundiala. Barcinari entzungo diogu berriz esaten Nafarroak Estatuko osasungintzarik hoberena duela. Hoberena ez dakit, mundiala seguru!
Anda y pínchame una vena, baina faborez, aurretik erabili gabeko xiringa batekin….