Gorbataren korapiloa zuzentzen ageri da Fernández Diaz Donostian, Urumearen ertzean altxa duten polizia etxearen inaugurazioan. Satisfetxo aurpegia erakusten du Barne Ministro espainiarrak. Egun lanpetuak darabiltza Penintsularen iparralde honetan: guardia zibilen kuartelaren hazia jarri Fiteron, polizia etxea inauguratu Donostian…
Polizia etxe estreinatu berri horretan, atzo eguerdian, hesitik kanpora zegoen jende multzoa; ilarari kolorea ematen zioten emakume pakistandarraren sari urdinak eta afrikarraren arrosa biziko soinekoak. Kontua da atzerritarren itxaron gela txiki geratu dela dagoeneko polizia etxe berrian; baina atzo, gainera, kale gorrian itxaron arazi zieten, patioa ministroak eta bere segizioak okupatua zeukatelako.
Antzeko ilararen batetik pasatua izango zen Andina Pereira brasildarra. Desolazioaren eszenarioa da Mungiako bere etxearen argazkia. Arratsalde beranduko eguzkiak nabarmendu egiten ditu fatxadan anabasan doazen argi indarraren kableak. Lehen solairuko leihotik emakume bat kalerantz begira; atari aurrean ertzain bat, hura ere argazkiak harrapatzen ez duen puntura so.
Atzo gauean, telebistako irudietan, neskato bat negar zotinetan ito beharrean. Planoak segundo gutxi batzuk iraun arren, zaila zen begiradari han eustea. Etxera itzuli eta ama bortizki itota topatu duenak horrela egingo du negar, ziur.