Aitor Etxarte: Teresa eta Francesca

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 17a

1970. urtearen bueltan gertatu zen. Teresa emakume gazte ederra zen. Merced kalea zapaltzen zuenean besteen begiradak jasotzen zituen. Inbidia, lilura, desioa edo grina pizten zituen. Pobreen arteko ezkontza izan zen berea. Senarrak sekulako jipoiak ematen zizkion. Kalean ere. Teresa desagertu zen. Urteetara jakin genuen kaleko ijito zaharrek isilpean eraman zutela eta oso urrutiko beste kale batean infernua edo paradisua zeukala.

1283. urtean gertatu zen. Francesca Rávenan jaio zen. Aitak, arrazoi politikoak zirela medio, Gianciottorekin esposatu zuen. Horrela ezagutu zuen Pablo, bere anai txikia, eta maitale egin ziren. Senarrak jakin zuenean biak hil zituen. Gizarte konbentzioak, aliantza politikoak, askatasuna eta patua, hilketak, zoriona eta desesperazioa.

Dante Alighierik idatzi zuen Jainkotiar Komedian (1321) Infernuaren, Garbitokiaren eta Paradisuaren ibilbidea egiten du. Infernuan Francesca topatzen du eta hunkigarriak diren pasarteetan, besteak beste, dio:“ Francesca, zure martirioak /negarretan jartzen nau, triste eta gupidatsu/ Hasperen gozoen garaietan/ Esadazu, nola ireki zituen maitasunak/ hain arriskutsuak ziren desirak?” Eta emakumeak erantzuten dio:” Zuk dakizunez Doktore/zoritxarrean murgilduta une alaiak gogoratzea baita atsekaberik handiena”.

Francesca da Riminirena agertuko da gero, besteak beste, literaturan D'Annunzioren eskutik, Ingresen margoetan, Rodinek eskultura eskainiko dio, fantasia bat Tchaikovskyk eta Rajmáninoven opera baten protagonista da. Nago Teresa ezezagun askok ez dutela gutxiagorik merezi.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!