Floren Aoiz artxiboko irudi batean.
Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean 35/02 auziko epaiketa amaitu eta biharamunean gurean izan da Floren Aoiz. Aoizek egin zuen auzipetuen izenean azken alegatua epaiketa horretako atzeneko saioan. Aspaldi. Duela hamabi urte Garzon epaileak hasitako prozedura izan da epaiketa honen oinarria. Bost hilabete iraun du. Eta Aoizek nabarmendu duenez, akusazioek batere oinarririk ez dutela argi gelditu da epaiketan. Duela hogei, hogeita hamar urteko aferak agertu dira. Deklaratzera joan diren peritu polizialek ere gogoratzen ez zituztenak. Akusazioei eusteko nahikoa frogarik ez, eta fiskaltzak berak hasierako tesia aldatu egin du.
"Bakerako zabaldu den aukera aintzat hartzeko eskatu diegu"
ETAren fronte instituzionalaz, finantza sareaz aritu dira akusazioak etengabe, baina Aoizek auzipetuen alegatuan salatu zuen ezker abertzalearen historia dela epaitu nahi izan dutena. Garai politikoak aintzat hartzeko eskatu dute: duela hamabi urte Garzon epaileak dena ETA da tesiari tiraka hasi zuen prozedura. Baina, orain, bakerako aukera historikoa ireki dela nabarmendu dute auzipetuek, eta hori kontuan hartu beharrean, itxaropena lehertzeko saio bihurtu dutela epaiketa hau akusazioek.
Euren jarduera politikoarengatik ari direla epaitzen dio Aoizek, eta Euskal Herriari dagokiola ideiak epaitzea eta etorkizunaz erabakitzea, ez Auzitegi Nazionalari.
Auzipetuek absoluzioa beste aukerarik ez dagoela aldarrikatu dute, baina epaia epai politikoa izanen dela argi daukatenez, edozer gauza gerta litekeela esan du Floren Aoizek.