Josu Jimenez Maia: Lo-kuluxka ondoko kolaborazioa

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 12a

Lo-kuluxka aurreko unea eguneko unerik goxoena da niretzako. Erdi esna erdi lo nagoelarik, iratzarri-egoeraren eta loaldiaren arteko muga lausoan, istant  horretan hartzen dut nik eguneko gozoa. Oraindik esna nagoelarik, baina lokartzeko zorian nagoela sentituz, begiak nahita zabaltzen ditut eta ez dut neure burua lozorroan erortzen uzten, hain zait atsegina lo aurreko memento lainotsu hori. Gainera, ederki dakit saihestezinaren aurkako borroka antzuan ari naizela, ederki dakit une batetik bestera loak hartuko nauela...  Eta ez dut neure burua lokartzen uzten, ez dudalako unearen goxoa galdu nahi.

Orduan amets egiten dut laster eginen dudala amets, eta betazalak itxita ere ikusten ditut irudiak, irudimenaren irudiak, eta nire ordenagailuaren sistema eragilea hibernazioan sartzen da, isil, emeki, gozo... Eta, aitor dezadan, zurrunga egiten dut, batzuetan hain nabarmen, ezen neure zurrungek esnatu egiten naute zenbaitetan...

Ordu laurden bat, hogei minutu, gehienez hogeita hamar minuturen buruan, sistema eragilea berrabiarazten denean, lo aurreko sentsazio goxoa berreskuratzen saiatzen naiz, eta maiz lortu egiten dut, eta orduan gorputza bete poz hasten naiz sentitzen, poliki beti ere, nire sistema eragilea Windows bera bezain mantsoa delako.  Lortzen badut berriz sentitzea lo aurreko unearen goxotasun hori, lo-kuluxka ongi egin dudan seinale; pozik, indarberriturik, arratsaldeari ekiteko prest...

Gaur bezalaxe; gaur lo-kuluxka egin nahi, baina ez nuen luze egoteko astirik, hitzordu garrantzitsu bat neukalako, hilean behin izan ohi dudan gisara, hitzordua zuekin, Euskalerria Irratiko entzuleekin; gaur ordu laurden eskas baino ez neukan atseden hartzeko, eta lo-kuluxka egin ala ez egin ibili naiz duda-mudatan; ordu laurden bat bakarrik? Bai, ordu laurden bat, lo aurreko une goxo hori berriz bizitzeko bederen! Argi zegoen lo-kuluxka egin beharra neukala, testu hau ongi eta taxuz irakurriko banuen...

Entzuleak esango du ea merezi izan duen edo hobe nuen lo-kuluxkan gelditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!