Gure solasaldiko parlamentariak, artxiboko irudi batean
"Nafarroa hutsa ala esnearekin?" galdetzen zuen Patxi Larrainzar zenaren aspaldiko liburu baten goiburuak. Guk antzeko galdera egin diogu gaur gure parlamentarien solasaldiko kideei: Nafarroan aldaketa PSNrekin ala gabe? Ferrazi men egin dio Sarasatek. PSOEren aginduak obeditu ditu PSNk. hemendik aurrera gobernu alternatiboa nahi dutenek PSNrekiko harremanetan zer egin beharko luketen galdetu diegu.
Bilduko Bakartxo Ruizek eman du erantzunik irmoena: "Beste behin ere guztiz argi geratu da PSNrekin aldaketa ezinezkoa dela. Erabakiak azkenean beti Madrilen hartzen dituztela. Eta gure itxaropena beste behin ere zapuztu ez dezaten, oso argi eduki behar dugu PSN aldaketa dinamiketatik at dagoela. PSN bera kokatu da dinamika horietatik at".
Aralar-Nafarroa Baiko Xabi Lasaren idurikoz, ez zaio inori aldaketa dinamiketan parte hartzeko atea itxi behar, "baina ezin dugu zain egon, aurrera egin behar dugu PSNren zain egon gabe, eta gero PSNk jokaerak eta jarrerak aldatzen baditu, aldaketan egiazki parte hartu nahi badu,ateak zabalik izanen ditu, ongi etorri eginen diogu".
Gogoeta egiteko tenorean fokua zabaldu du Izquierda Ezkerrako Joseba Ezeolazak: "Ezkerreko alternatiba eraiki ahal izateko, Nafarroan politikaren ardatza bera aldatu behar dugu. Estatuko beste autonomietan ardatza ezkerra eta eskuina da. Gurean ez. Gurean abertzaleen eta ez abertzaleen artean banatzen da kontua. Eta aldaketa posible izan dadin lortu behar dugu ardatza ezkerra eta eskuina banatzen dituena izatea, UPNk egiten duenaren aurkakoa egin ahal izateko. Baina PSNrekin hori ez da erraza izanen".
EAJ-Geroa Baiko Manu Aierdiren aburuz, "PSNk baldarki jokatu du, alderdiak berak egin du huts, osoki, ez Jimenezek, eta haien estatutuek aliantza politikoak Madrilen erabakitzen dituztela dioen bitartean, jai dugu". Nolanahi ere, Nafar Buru Batzarreko presidentearen arabera, "ezin da ahaztu herritarrek jarriko dutela bakoitza bere lekuan, eta guk nahi duguna pentsa eta esan dezakegu, baina garrantzitsuena horixe da, zer dioten herritarrek".
Parlamentarien solasaldi osoa entzuteko, klikatu lerroon azpian.