Lore zuriak dira argazkietako ardatz, hainbat eta hainbat egunkaritan. Lore zuriak, martxoak 11ko hildakoen omenez. Hamar urte igaro dira, eta atzo izan balitz bezain presente daude leherketa haien oihartzunak gure belarrietan.
Ohoreak ohore, eta hildakoenganako errespetua errespetu, orain hamar urte gertatutako haren inguruan, kazetari batek gogoan izan beharko luke zer nolako desinformazio-kanpaina abiarazi zuen orduko gobernuak, atentatuen autoretzaz.
Errespetua errespetu, errespetua galdu ziguten orduko agintariek, atentatuei buruzko informazioa ematean. Gezurra kontatu ziguten behin eta berriro. Eta gezurra kontatzen segitzen dute haietako askok gaur egun ere.
Hildakoen omenez, atzo lore zuriak jarri zituzten haietako askok ederki lasaitu zituzten beren kontzientzia beltzak. Historiak hartuko al die kargu…
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!