Lotuta datoz gaur azaleko argazkia eta kontrazalekoa; lotuta milaka kilometro eta itsas miliaren gainetik.
Kontrazalekoan txaleko berde fosforitoak batzen du korrikan doan taldea: aurrean gaztetxoak, erdi parean emakumezkoak, atzetik segika datorkie furgoneta txuria. Lehen planoko gazte horien ile horail eta gorriztek salatzen dute nongoak diren: Irlandakoak. Ostiralaz geroztik, hirugarren Rith-a ari omen dira kurritzen, gaelikoaren aldeko lasterketa, Korrikaren senidea.
Azaleko argazkian, bost lagun klasean, irakasleari adi; honek argazkirako esaldia idatzi du arbelean: “Euskaraz bizi nahi dugu”. Barruko argazkian errepikatua dago esaldia, “euskaraz bizi nahi dut” kasu honetan, zapi beltzaren gainean. Haren azpian dagoen neskaren oinetakoek ematen dute arrastoa: mendiko botak dauzka soinean; izan ere, Garraldan gaude –daude-. Tokitan… Eguraldiak eta biztanle gutxiko herriak izateak eragiten omen die Pirinioetako euskaltegiei.
Sagrario Alemanek, Arturo Kanpionetik, aldarria: “Jose Iribas kontseilariak atera beharko luke jendaurrean, helduei euskara ikas dezatela eskatzeko, animatzeko”. Badakigulako Sagrario Aleman ez dela inozoa… baina belarrietara, zanpa-zanpa, Zaramaren hura datorkigu: “ ze urrun dagoen Kamerun”…