Santi Leone: "Nafarroa nafarrek nahi dutena izanen da, baina bertze egun batean"

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 10a

Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa:

Hobe kontatzen ez badidazu

  1. Pailazoak nire ezkerrean, txantxazaleak nire eskuinean: Nafarroa nafarrek nahi dutena izanen da, baina hori bertze egun batean izanen da; oraingoz, Nafarroa Rubalcabak eta PSOEren interes espainolek nahi dutena. PSN azkenean desagertuko balitz –hau da, hutsaren hurrengoa bihurtuko balitz–, hobe, alferrik espero baikenuen aldaketa etortzea erregimenaren euskarria izateko sortua izan zen alderdiaren eskutik.
  2. Lehengo lepotik burua: Diotenez, PSNk argi du Jimenez ez dela hautagaia 2015eko hauteskundeetan; oinordekoa izateko izenen artean, Elena Torres (atzo arras elkarrizketa irri-emangarria eman zuena Cordovillako egunkarian); Maria Chivite (Ainhoa Aznarezek definitu zuen bezala: emakumea da, senatuan dago); edo Amanda Acedo (sektore kritikokoa). Errotik berritu nahi dute alderdia, bistan den bezala.
  3. Arantxa edo Arantza?: Hitz batean, Quiroga. Quirogak idazkari berria hautatu du EAEko Pprako –Nerea Llanos–, baina horraino eraman duen bidea malkartsua eta zaila izan da. Alderdi moderno eta irekia osatu nahi du. Ea egia den.
  4. Atzo, eguraldia lagun, 10.000 lagun bildu ziren Xabierko gazteluan, eta Patxi Huartek hitz berria asmatu du ibilaldi horri deitzeko: Xabierkeria. Ezin adosago nago neologismo horrekin.
  5. Asteartean, martxoaren 11ko atentatuaren urteurrena izanen da. Pilar Manjonek adierazi berri du nahiago zukeela egilea ETA izan balitz, horrela gaur egun ez bailirateke bigarren mailako biktimak. Bitartean, Jaime Ignacio del Burgo bertze liburu bat kaleratu du, zer gertatu zen argi ez dagoelako. Halere, ez du zalantzarik Aznarren gobernuak ez zuela gezurrik erran.
  6. Martxoaren 11tik martxoaren 8ra. Larunbatean emakume langilearen eguna izan zen, eta hor ere haserrea nagusi izan zen, bertzeak bertze gobernuak azken bolada honetan emakumeen askatasuna murriztu duelako. Abortuaren legearen kontrako protestak eta manifestazioak izan ziren larunbatean. Berrian, Aritz Galarragak gogoeta interesgarria egin zuen: emakumearen egunaren kontra dago, euskararen egunaren kontra dagoen bezala, egun horrek maiz aitzakia izaten delako urteko gainerako egunetan hainbat borroka atzentzeko.
  7. Aritz Galarraga aipatu dugu, eta Aritzek berak aurkeztuko digu Pasazaite argitaletxeak dakarkigun liburu berria: Hobe kontatzen ez badidazu, gaur egungo ipuingile katalanen antologia, Aritz Galarragak hautatuak eta Gerardo Markuletak euskaratuak.
  8. Atzo, igandero bezala, Iñigo Aranbarrik artikulu bikaina idatzi zuen Berrian Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariari Espainiako telebistan egindako elkarrizketari buruz. Elkarrizketak berak merezi du, Moreno Cabrerak etengabe hausten baititu aurkezleak aurpegira jaurtitzen dizkion topikoak.
  9. El Juli, Unibertsitateko irakasle. El Mundo-ren arabera, El Julik “cultura taurina” irakatsiko du unibertsitatean. Complutense eta Camilo José Cela unibertsitatean lehian ari dira irakasle berria erakartzeko.
  10. Eta, hasieran, Barcina aipatu gabe utzi dugu. Iduri du heldu den urte artio bederen gurekin izanen dugula. Eta gero? Batzuek diote arrunt zauritua dagoela, ez dela berriz hauteskundeetara aurkezteko. Hori ona edo txarra da. Nolanahi ere, kanporatu beharko dute, berak ez baitu dimitituko. The Zombies taldeak kantatzen zuen bezala, She's not there.[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=f5IRI4oHKNU&feature=kp[/youtube]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!