Lurpeko estolderiak aurrerapen itzela izan ziren hirietako biztanleon osasuna eta bizitza baldintzak hobetzeko. Aitzineko kaleetan, plazetan eta ukuiluetan egin behar zuten txiza zein kaka Iruñeko biztanleek, beste hirietan bezala. Kiratsa, kronikek diotenez, itzela zen hirian barna.
Hobetu dira gauzak, zalantzarik gabe, baina oraindik ere beharrezkoa da gizarte mobilizazioa gure kaleak garbi mantentzeko. Kostata, Alde Zaharreko bizilagunen aldarrikapenaren ondorioz, eraiki zituen Iruñeko Udalak komun publiko batzuk San Frantzisko Plazan. Eraiki ostean, baina, erabili ezinean mantentzen dira, itxita, beti ere.
Auzolagunon oinarrizko zerbitzua aldarrikatzeko eta gure kale eta plazen egoera osasuntsua defendatzeko txizaldi herrikoia antolatu du gaurko San Zerningo Burgoa Elkarteak, 18:30etan, San Frantzisko plazan bertan. Komun publikoak inauguratzea da helburua.
Performance originala eta umoretsua, auzolagunena! Agintarien jarrera, berriz, ez dago ulertzerik. Zikinkeria eta ustelkeria ezkutatu gehienetan, eta orain plaza zikina nahiago. Ene ba da!