Aurrekoan lagun batek, telefonoz, Burlatan gertatutako istorio bat kontatu zidan. Antza, Burlatako Kale Nagusian, Euskadiko Kutxaren inguru horretan, familia bat lau solairutako eraikin horietako bateko pisu guztien jabeak ziren. Bertan, aitatxi, hiru anai arreba eta hauen seme alabak bizi ziren. Lehengo herrietako etxetan bizi ziren moduan, hiru belaunaldiak denak batera. Kontua da, astero-astero, guztien partez, anaietako batek, primitiba jokatzen zuela. Beti zenbaki berberak idazten omen zituen, bere urtebetetzearena hamabi, emaztearena ogeita zortzi, aitarena...badakizue nola izaten den hori. Egun batean, duela urtebete edo, ia ia inoiz eta ia ia inori gertatzen ez zaiona berari gertatu zitzaion. Primitibak ez dakit zenbat ehunka mila euro eman zizkiolako, hori bai, miliora ez zen ailegatzen. Berri ona jaso bezain laster, senide guztiei haien partea emanen ziela erabaki zuen. Hala ere, egun horretan bertan ez zien deus ere aipatu. Hortaz, gauean buruari bueltak emateko denbora izan zuen eta goizeran beste era batera pentsatzen zuen. Emazteari erranen ziola erabaki zuen, baita bere seme eta alabari ere. Aldiz, jasotakoa milioi bat euro ere ez zenez, anai arrebei deus ez erratea hain grabea ez zela iruditu zitzaion. Aitarekin zalantzak izan zituen, baina azkenean aita diru gutxirekin lasaiago biziko zela pentsatu zuen.
Astelehen goizean, beste pisuetako senideak lanean zirelarik, gehienak behinik behin, emaztea eta seme alaben artean dirua banatu zuen. Ixilean, tapoia eskuarekin helduz, etxean gabonetatik zuten txanpan botila ireki eta topa egin zuten, elkarri begietara sutsuki begiratuz. Hura poza, hura irri bihurriak, hura aberastasuna.
Gisa horretan, asteak eta hilabeteak pasatu ziren. Nire lagunak esaten zidanaren arabera, eraikin berean bizi ziren anai arrebak kezkatzen hasi ziren. Primitibako gizonak lana utzi eta auzoan bertan txikitoak edatera dedikatzen zelakoz, egun batean bai eta bestean ere bai, txispatua etxeko eskailerak igoz. Emazteak kontrako bidea hartu zuen, hura ez zen etxetik ateratzen baina beti bazen SEUR konpaniako mutil uniformaturen bat portalean. Eta seme alaben berririk ez dut izan.
Egunek, ardo eta arrosen artean, betiko segituko zutela ematen zuen baina urte berria ailegatzearekin batera, portaleko ardura, hau da komunitateko presidentzia, familia honeri egokitu zitzaion. Bilerara ez ziren joan, egin beharrekoa erran zietenean ez zuten entzun, atean jo zutenean izkutatu ziren. Eta huts baten atzetik asko! SEUReko fakturak eta teilatukoak nahastu zituen emazteak. Kontadoreak aldatzeko epearekin eta patxaran Norbegiarra jasotzeko datarekin tronpatu zen gizona. Tutueriak konpondu ez, ez etxekoak ezta burmuinarenak eta bitartean, etxekoak, senideak, haserre, kaguendioska eskaileretatan barna ibiltzen ziren. Antza istorioa bukatu zen, protagonisten etxeko komuna itxi, buxatu zenean eta marroi koloreko material kiratsduna etengabean komunetik, pasalekura, pasalekutik, sukaldera, hortik eta logeletara ateratzen hasi zenean. Eta hortik eta eskaileretara eta tira behera, portaleraino. Kale Nagusiko auzokide askok lagundu behar omen zuten txikizio hura konpontzen. Por zierto, nere lagunak erran zidan istorio honek moraleja izan bazuela eta goiko etxekoak hobeki azalduko zidala. Nik oraindik ez dut harrapatu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!