Jon Abril: Ez da musik, hordago!

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 6a

Herriko elkarte nagusienak urtero mus txapelketa antolatzen du inauterien aitzakian. Aurten ere arrakasta itzela izan du: 47 bikote jokoan, 94 pertsona arratsalde pasa egiteko prest, kanpoko euritik ihesi, alkoholaz lagunduta, jokorako eta jolaserako gertu.

Argazkian 10 lagun ageri dira: lau bikote sarituak, eta antolatzaileak. Denak gizonak. Akaso izanen zen jokoan emakumeren bat. Inork ez zion aterik itxi emakumeei. Baina bistan da, argazki horrek ez duela normalidaderik erakusten.

Bistakoa da emakume guti aritzen dela musean. Eta aldiz, gure inguruko elkarte, ostatu, erakunde eta bertzelakoek sekulako joera dute mus txapelketak antolatzeko. Ba mus txapelketarekin batera, eskatu beharko diegu antola dezatela txapelketa horietan emakumeen partaidetza sustatzeko politikaren bat, edo bertzela, ekin diezaiotela parekideagoa suerta daitekeen bertze zerbait antolatzeari, finaleko argazki horrek ez baitu batere laguntzen emakume eta gizonen eskubide parekideak lortzeko bidea egiten. Are gehiago, traba dira. Ez da musik, hordago matxismoari!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!