Amaitzear dago antzezpena. Gidoiak aurrera egin ahala, gehienok gauza pentsatzen genuen: antzerki lan hori ikusia dugu, ezagutzen dugu: artista nagusiak betiko papera errepikatzen ari ziren: batzuk “guk aldaketa nahi dugu”; besteak “gobernu aldaketa Nafarroa, Espainia eta munduaren akabera litzateke”. Denak Madrili begira, noski, benetako zuzendaria hangoa dela jakitun. Eta baten bat ezkutaturik, dena behatzen, oraingoan ere amaiera betikoa izan zedin.
Aurrekoan, Ferrazek aldaketa zapuztu zuenean, gobernu aldaketa aldarrikatzen zuen pertsonaiak dimisioa eman zuen.
Duela zazpi urtekoa goitik behera errepikatzeko, Jimenezek ere beste horrenbeste egin beharko luke. Konforme: horrela obra are aspergarriagoa litzateke, baina gutxieneko duintasuna zer den gogoratuko ligukete. Bada beste amaiera posible bat: Ferrazen agindua otzan bete, eta postuari eutsi, nola edo hala, beste pertsonaia nagusiak azken bi urteotan egin duen bezala.
Hori litzateke amaiera etsigarriena. Pertsonaien ibilbidea ikusita, apustua egitekotan, horren alde eginen nuke.