Atzera begirako zenbaketaren amaiera

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 5a

Gure parlamentarien solasaldiko artxiboko irudi bat

Is the final contdown, abesten zuen Europe taldeak. Erran nahi baita atzera begirako zenbaketa amaitzen ari dela. Zentsura mozioa aurkezteko epea agortzen ari da. Ostiralean egin beharko litzateke, beranduenez astelehenean.

UPNn, urak uher

Ingurumari horretan, urak gero eta uherrago datoz UPN inguruan. Diario de Noticiasek gaur argitaratu duenez, Yolanda Barcinari dimisioa eman dezala eskatu dio Miguel Sanzek, tentsioz beteriko UPNko zuzendaritzaren bilera batean.

Informazio hori berrestera etorri dira Sanzengandik politikoki hurbil dagoen Begoña Sanzberro parlamentari erregionalistak Euskadi Irratian gaur goizean egin dituen adierazpenak. Sanzberrok ziurtzat jo du PSNk zentsura mozioa aurkeztuko duela, eta, hori horrela, bere hitzetan, "hobe litzateke UPNk berak hauteskundeak aurreratzea, zentsura mozioa pairatzea baino".

Barcinaren gobernuko eledun Sanchez de Muniainek berehalakoan erantzun dio Sanzberrori, gaurko gobernu bilkuraren ondoko agerraldian, ahots kritikorik ez dela esanez: "UPNk bat eta bakarra izaten segitzen du, zirrikiturik gabeko harkaitza izaten segitzen du Nafarroaren eta haren egonkortasun instituzionalaren defentsan".

PSN, Arre, Sorauren eta Orikain artean

PSNk biharko Lurralde Batzarran erabakiko du arre ala so eginen duen. Arrera ala So...raurenera joanen den. Zentsura mozioa aurkeztuko duen ala ez. Baina gerta liteke azkenean ez hautatzea ez bata ezta bestea ere. Hau da, Orikainera joatea.

Geroa Baiko parlamentari Manu Aierdik gaur Metropoli Foraleko parlamentarien solasaldian aitortu du zentsura mozioa aurkezteko beste bide baten ezaugarri teknikoak aztertu zituztela atzo PSNrekin egin zuten bileran. Ideia litzateke zentsura mozioa Izquierda Ezkerrak aurkeztea, Jose Miguel Nuin hautagai moduan jarriz, eta Geroa Bai eta Aralarren babesarekin -10 parlamentarik sinatu behar baitute zentsura mozio eskaera-, eta PSNk zein Bilduk mozio horren alde bozkatzea. Nolanahi ere, Aierdik ez du azalpen gehiagorik eman, nahiago duelako "diskrezioz" jokatu.

"Madrilera begirako antzezpena"

Aralar Nafarroa Baiko parlamentari Xabi Lasak esan du haiek prest leudekela halako jokaldi bat babesteko, "hemen gutxienekoa baita zentsura mozioa nola ateratzen den aurrera, hemen garrantzitsuena da herritarrek nahi dutena egin ahal izatea, hauteskundeak aurreratu ahal izatea".

Hain zuzen ere jokaldi hori oztopatu nahian, herenegun UPNko parlamentuko eledun Carlos Garcia Adanerok Parlamentuan nabarmendu zuen Aralar EH Bilduko kide dela, eta horretarako kurioski horixe aitortzen zuten Patxi Zabaletaren beste geun bateko adierazpen batzuk euskaraz irakurri zituen.

Jokaldi horiez galdeturik, Bilduko Bakartxo Ruizek erantzun du hori guztia "Madrilera begira egindako antzezpen bat" dela; izan ere, "hemen denok denekin hitz egiten dugu".

Baikortasun apala

Gure solasaldiko parlamentariei PSNk azkenean zentsura mozioa aurkeztuko duen galdetu diegu, eta busti daitezela, apustu egin dezatela eskatu. Aierdik eta Lasak jarrera bera hartu dute: haien idurikoz, gauzak parekaturik daude, zentsura mozioak aurrera egiteko aukerak %50ean jarri dituzte. Ruizen aburuz, aldiz, %75ekoak dira.

Ruiz, beraz, baikor azaldu da: "Ni izatez baikorra naiz. Madrildik orain atre ez badute desaktibatu, gero eta zailagoa da hori egitea. PSNk ezin du atzera egin, urrutiegi joan da eta".

Aierdiren baikortasuna apalagoa da: "Zer gerta ere, Rubalcaba orain arte ez da atera esatera ez dela zentsura moziorik izanen. Ez dira ezetz biribila ematera, eta hori garrantzitsua da, hori adierazgarria da. Muga-mugan daude".

Lasa, aldiz, ezkorxeago azaldu da: "Soka-tira lehiaketa batean gaude, PSN alde batean eta PSOE bestean. PSOEk indar handiagoa dauka, baina ikusi beharko da PSNk zer eskaintzen duen. Gainera, ezkutuko negoziazioak izan litezke, zentsura moziorik gabe ere, hauteskundeak aurrera daitezen".

Ezin ahantzi daiteke Sanzek Barcinaren dimisioa eskatzen zuen bitartean, Ferrazetik Oscar Lopezek zioela arazoa Barcina dela. Ez zuen esan UPN zenik arazoa. Fokoa Barcinarengan soilik pausatu zuen.

Lerroon azpian, parlamentarien solasaldia entzungai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!