Abenturak bizitzeko ez da urrutira joan behar, ezta ihauterien esperoan zertan egon. Baina asteburu honetan bi baldintza hauek elkartu dira gure hiri zaharrean, abentura eta ihauteria, eta nahasketa honetan sortu diren istorio pare bat kontatzera nator gaur.
Lehenengoa, katedralaren ondoan gertatu zen: hor, meza ematen zen bitartean Heretiko Eroriak izeneko plataforma batek Elizaren homofobiaren aurkako protesta burutu zuen. Bertan ohiko pankartez eta manifestuaren irakurketaz gain, partehartzaile batzuk jendaurrean musukatu ginen, neskak neskekin, mutilak mutilekin.
Ulertu nahi duenak ulertuko du, zergatik den garrantzizkoa afektibitatea publikoki agertzea, normalizatuak ez diren joerak eta izaerak kalera ateratzea, baina, jakina, beti dira horrelako ekintzak “serio” hartuko ez dutenak. Mila moduz garrantzia kendu nahiko diote: nabarmentzeko beharra, eskandalua helburu bakarra izatea, zentzu falta, lotsagabekeria... Eta esango dute: zer axola guri haiek elkar musukatu nahi badute? Egin dezatela nahi dutena, baina hori ez da inongo borroka. A ez? Zoritxarrez, musu batzuk iraultzaileak dira, eta ez elkar musukatzen dutenen erruz. Arreta jar dezagun bertan zabaldu ziren pankartetan: “homofobiak hiltzen du” zioen batek. Jar dezagun kontua bere testuinguruan, izendatu berri duten kardinalaren hitzak kontuan har ditzagun, Ugandako presidenteak onartutako lege berria gogora ekar dezagun, azpian mezu bera dute: homosexualok gaizki hautatu dugu, eta bide zuzenera itzuli beharrean gaude. Hori lortzeko, kartzela eta heriotza han, eta hemen, hemen mila aurpegiko homofobia tolerantea, horietako bat: garrantzia kentzearena.
Gogoan dut nola hitz egiten zuten opusekoek gutaz Jardunaldi Generanitzak antolatu genituenean, mespretxuz, seriotasun falta berbera aipatuz. Gure ekintza performatiboek inolako oinarririk ez balute bezala, testuinguruak nahita ahaztuz. Eta bada larriago den zerbait, opusekoak ez direla kontu hauek serio hartzen ez dituzten bakarrak. Zoritxarrez, horrelako begiradak leku guztietatik datoz. Edo begirada beraren falta. Esadazue bestela zergatik etortzen den hain jende gutxi halako elkarretaratzetara. Lotsagatik? Interes faltagatik? Nire susmoa azalduko dizuet: ez omen duelako garrantzirik.
Esan behar dut, halere, gutxika bada ere, horrelako manifestazioak gero eta jarraipen handiagoa ari direla izaten. Hedabide batzuk tokia egiten diete, eta gero eta hobeto azaltzen, bere garrantzia ematen, azken finean. Hor bildu ginenontzat garrantzizkoa delako, eta esfortzu askorekin kalean behin eta berriz tematzen garelako garrantzizkoa dela gizarteratzen.
Abentura polita, inondik ere.
Bigarren istoriotxoa elkarrizketa labur bat da. Tabernako kanpoaldeko eserlekuan eserita geunden nire lagun min Ander, Laura izeneko beste lagun bat, eta ni. Mozorrorik gabe hirurok. Laurak Anderri galdetzen dio ea zergatik ez den mozorrotu. Ander isilik geratzen da. Isilune hau baliatuko dut testuingurua azaltzeko: Anderrek, noiz behinka, takoiak jartzen ditu, ezpainak eta begiak margotzen, soineko estuak jazten. Dragueatu egiten da. Drag bihurtzen da. Isilune labur honen ondoren, ni naiz hitz egiten lehena: Anderrena ez da mozorro bat, esaten dut.
Denbora luzea beharko nuke ondo azaltzeko. Detailea nabarmendu nahi nuen bakarrik: drageatzea eta mozorratzea ez dira gauza bera. Lehenengoak nortasuna sortzen du edo horrekin jolasten du. Mozorrotzeak, aldiz, azpian beste zerbait dagoela iradokitzen du. Hau da, daramazun jantzia ez zara zu, kontrako efektua guztiz lortuz: zu zara, hain zuzen ere, erakusten ez duzuna. Anderren kasua garbia da niretzat. Drageatzen denean da, inoiz baino gehiago, bera, Ander.
Honek ere badu garrantzia. Anderren drag irudia ez da mozorro bat eta beharbada horregatik ez zuen ihauterietan erabili. Egin lezake baina ulertzen dut ez egitea. Oso gogorra da garrantzia duten gauzak besteek serio ez hartzea.
Homofobiaren aurkako protesta ihauterietan suertatu da, jai giroan eta musuak tarteko, baina zorionez edo zoritxarrez gure performancea ondo ulertua izateko leku ezin aproposagoa zen katedrala. Elizaren ingurukoak, ihauteriak izanda ere, oso serio hartzen dira beti.