Inma Errea: Bitartean

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 4a

Azpilanak, ezkutuko intrigak eta ageriko maniobrak. Nafarroako politikagintzak folletoi baten antza hartu du azkenotan. Eta herritarrok hemen gaude, derrigorrean ikusle, ikuskizunaren aurrean jakin-minari eutsi ezinik, arreta jokalekuan etengabe jarrita.

Baina bitartean bizitza, errealitatea eta denbora aurrera doaz, eta herritarrentzat garrantzi handikoak diren gai askok hor diraute, irtenbide baten zain.

Bitartean, arazo askok konpondu gabe segitzen dute, eta okerrera egiteko arrisku handian. Hala osasungintzan, itxaron zerrenda amaigabeak kasu, nola hezkuntzan, hala etxebizitzaren arloan nola enpleguarenean...

Agertokira begira gauden bitartean, gutako askok, gero eta jende gehiagok, arazoak ditu bizirauteko.

Nafar ikuskizun hau deigarria da, bai, baina nago herritarrok eskertuko dugula buru ematen bazaio. Batez ere, buru egokia eman eta bukaerak zerbait konpontzeko aukera egokitzen badigu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!