Elixabete Garmendia: Koreografiak… eta koreografiak

Euskalerria Irratia 2014ko martxoaren 4a

Batzuetan bihurri samarrak izaten dira argazkilariak… eta argazkiak aukeratzen dituztenak. Ze, Urkullu, Espainiako Erregea, Lagarde, de Guindos eta abarren aurrean ari den dantzaria postura horretan ateratzea… Aurreskuaren ezkerreranzko pausoan harrapatu dute, airean bai, trebe, baina une koreografikorik baldarrenean.

Azpian doan argazkiak ere ez du erruki handirik: hor doa Urkullu, Erregearen atzetik, haren pausoak zaintzen, balantza egingo balu eusteko prest… izan ere, eskuineko eskua bastoian bermatuta eraman arren, ez du ziurtasun handirik erakusten lurrerantz begira doan Borboiaren ibilerak.

Troikaren kontrako manifaren argazki nagusian, tragediara iritsi gabe, baina urduritasun apur bat sumatzen ote den, pauso bizkor antzekoa; atzetik dakartzate poliziaren hiru furgoi eta atzerago oraindik, zeruranzko sugarrak ageri dira.

Manifa horretan doazenen semeak izan zitezkeen Udaltzainen ibilgailua iraultzeko zorian dauden horiek, edo autoen denda bateko kristalak puskatzen ari direnak; beirateaz haratago CNTren bandera bat erdi ikusten da. Ez dakit ba, koreografia topikoegia ez ote zen atzo Bilbon liskarrak eragin zituzten horiena…

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!