Santi Leone historialari, irakasle eta pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa:
-
Inauterietan gaude, baina PSNrendako urte osoan dira inauteriak: hainbat mozorro dituzte –ezkertiarrarena, UPNren alternatibarena, alderdi autonomoarena– baina gehien-gehienak, guziak ez errateagatik, arrunt higatuak eta, aspalditik, pena ematen dute bertze edozer baino gehiago. Halere, azken bolada honetan kontent dabiltza –Jimenezen edo Lizarberen aurpegia ikusi bertzerik ez da– erdietsitako arretarekin. Hamabortz egunen buruan, Barcina boteretik lekutu behar zuten sozialistek. Orain, aterabide berriak aztertzen ari omen dira. Eta ez da hain zaila asmatzea zer bide hartuko duten, kristalezko bolarik ez izanda ere.
-
Carlos Salvadorrek, bere kargu publikoa bere negozio pribatuak hobeki kudeatzeko erabiltzen duen gizon horrek, profetaren mozorroa jantzi eta gulaga heldu dela iragarri zuen. Antza, ezker abertzalea hauteskundeak irabazten saiatzeko prest dago! Hori baino mehatxu antidemokratikoagorik! Bitartean, asteburuak Gipuzkoako gulagean pasatuko ditugu.
-
Salvadorren diskurtsoak erakutsi bezala, Madrilgo Parlamentura ere ailegatu dira inauteriak, eta PPk eta PSOEk arras alderdi diferenteak izateko itxura egin dute; biharamunean, hedabideek ondorio inportanteena atera zuten nazioaren egoeraren gaineko eztabaidatik, alegia ea nork irabazi zuen. Harrigarriki, La Razón-en arabera, Rajoyk irabazi zuen, baina El País-en arabera, Rubalcabak.
-
Inauteriek dena hankaz goiti jartzen dute, eta naski horregatik Mariano Rajoyri atzendu zitzaion Espainiako presidentea dela, eta, beraz, erantzukizunak badituela. ETAren gainean, harropuzkeriaz eta arduragabekeriaz eta demagogiaz, okerreko galdera guziak egin zituen. Galdera ez da ea ETAri zerbait eman behar ote zaion; galdera da zer egin beharko lukeen politikari arduratsu batek martxan dagoen bake prozesua burutzeko. Bertze kontu bat da, jakina, arruntean desagertzen ez den ETA bat goxoki tentagarriegia ez ote den anitzendako...
-
Inauterietan, alkoholak lagunduta, mingaina askatu egiten zaigu, eta hain zuzen ere Elias Canetti-ren Mihia aske izeneko liburua kaleratu berri dute Alberdania, Igela eta Erein argitaletxeek literatura unibertsala bilduman. Bertze itzulpen bat; beraz, bertze aukera bat munduko literatura euskaraz ezagutzeko.
-
Gaur-biharretan, munduko ekonomian agintzen dutenak Bilbon izanen ditugu, tartean Nazioarteko Diru Funtsako arduradun nagusia Christine Lagarde. Oker ez banabil, The Inside Job-en, hau da, krisia nola hasi zen kontatzen zuen dokumental hartan, Lagarde zintzoen saldokoa zen, finantza mundua kontrolatu nahi zutenetakoa. Harrezkeroztik, mozorroa erantzi du.
-
Foroa dela-eta –edo inauteriak direla-eta– hainbat enpresarik cava aterako dute: hain zuzen ere atzo ABCn esplikatzen zutenek Kataluniako independentzia txarra dela. Fite, hauteskundeak garestiak direla azalduko digute, eta zuzenean botere ekonomikoek aukeratuko dituzte agintari politikoak. Italian horretan ari dira dagoeneko.
-
Espainia etengabe inauterietan bizi den herrialdea da, Pedro J. Ramirezek bideo honetako lehen minutuan erraten dituen hitz hauek lekuko. Gobernuak berak terrorismoaren apologia egiten duenean, non bizi gara?
-
Astero, Ana Pastorrek kazetariaren mozorroa janzten du, baina ez dio ongi ematen: atzo Marine Le Peni egin zion elkarrizketa, eta politikari frantsesak jan egin zuen.
-
Inauteriak baino ordenatuagoak dira, eta glamour gehiago omen dute: Oscar sariak banatu dituzte. Ez dakit Her filmak zer edo zer irabazi duen, edo izendatua zegoen ere, baina hona ekarri dut, zuzendaria, Spike Jonze, maite dudalako. Eta, orobat, bertze film batean, Adaptation-en, erabili zuen kanta hau ere maite dut.