Idurre Eskisabel: Euskal

Euskalerria Irratia 2014ko ots. 28a, 12:44

Adinean aurrera doan gizon bat, itsaso urdin eta barean nabigatzen, eguzkia dirdaitsu, irribarrea zabal. Paco de Lucia gitarra-jotzaile espainiar zendu berriari hil aurretik egindako azken argazkietakoa da, Caribeko uretan.

Eta sortzen dit halako tentsio bat irudiak: esaterako, hortera eta kitscha zait alde batetik, De Luciaren atorra beltz distiratsua, estanpatu urrekaraz bete-betea. Are eta gehiago zilborreraino zabalik eramate hori, paparra erakusgai. Eta urrezko lepokoaren nabarmenkeria. Baina gustatzen zait, era berean, gehigikeria hori. Bizipoza eransten dit, algarara ainguratzeko gogoa.

Halakoxe harremana izan dut beti flamenkoarekin. Akordua dudan orduko maite dut, nire burua bata de colaz jantzita irudikatzen nuen umetako ametsetan, festa batean. Baina, era berean, atzera egiten dit:exajeratua zait hainbat adieratan eta hainbat eredutan, gehiegizkoa. Ziur aski, gustua eta, batik bat, munduan egoteko posturaren egokitasuna askoz ere gauza neurritsuagoa dela ikasi dudalako; ikasarazi didatelako. Oso euskal eraiki nautelako, eraiki naizelako.

Gorka Erostarbe lagunaren bidez jakin dut De Luciak Sabicas izan zuela maixu, flamenko modernoaren eratzaile nagusietako bat. Eta hara, Sabicas iruindarra zen, Mañueta kalean jaioa, Jarautan hazia, debuta Gaiarren egindakoa. Nolabait, euskal. Agian, nire euskal hori berrikusten hasiko naiz, neurritasun aspergarria flamenkoaren gehiegikeriarekin bizipozten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!