Barcinak 9-0 irabazi zuela irakurri nion atzo Patxi Huarteri, txioerrian. Pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen lehendakariak parlamentuan atzo egin zuen agerraldi osoa ikusiko zuela etxetik Patxik, eta a ze meritua. Gero gaur egunkaria hartu eta lehen orrian lehendakaria ikusi dut mehatxu keinu batez, eta lerroburuetan “bere burua zuritu”-ren ordez, “bere burua zutitu” irakurri dut, alegia, kontuz nirekin esanez bezala.
Inpresioa daukat joan dela pasa den asteko oldarraldiaren kemenaren zati handi bat, desegiten ari dela “orain bai!” itxaropentsu hori; irudipena daukat orain erasora dagoela gure lehendakari txit gorena. Beharbada inpresioa da; beharbada gehiegi irakurtzen dut. Atzo txio bat harrapatu bainion Uriz PSNko kide ohiari: PSOE Nafarroako sozialistak presionatzen ari omen dela zioen, azkenean Jimenez eta enparauek korrika alde egin beharko dutela Nafarroatik. Beharbada arazoa hori da: inpresio gehiegi.