Gure parlamentarien solasaldiko artxiboko irudi bat
"Bistakoa da ekintza politiko larriek ondorio politiko larriak eduki behar dituztela. Nolanahi ere, ikerketa batzordearen ondorioak ezagutu arte itxaron beharko dugu. Eta horiek ezagututa erabakiko dugu zer egin. Erabakia elkarlanean hartuko dute PSNk eta PSOEk". Hala mintzatu da Foru Parlamentuko talde sozialistako eledun Juan Jose Lizarbe, Goikoetxea Auziko ikerketa batzordearen gaur goizeko bileraren ondotik.
Goikoetxearen eta Barcinaren agerraldi luzeen ondotik, gaurko saioa laburra izan da eta ateak itxita egin dute. Bi erabaki nagusi hartu dituzte. Lehena, lekuko gehiagorik ez deitzea deklaratzera. Bigarrena, ostiralerako adostea eta ezagutaraztea batzordearen ondorioak.
PSNk, beraz, ez du argitu zer eginen duen. Madrilgo hedabideetan behin eta berriz esaten ari dira alderdi sozialistak atzera eginen duela, eta Aingeru Epaltzak gaur Metropoli Foralean iradoki duen formula erabiliko duela horretarako: zentsura moziorik ez, Goikoetxearen kargugabetzearen edo dimisioaren truke.
Nolanahi ere, oposizioko gainontzeko taldeetako eledunak baikor agertu dira gaur Metropoli Foraleko parlamentarien solasaldian. Zalantzekin, jakina, baina denek uste dute PSNk azkenean zentsura mozioa aurkeztuko duela. Bilduko eledun Bakartxo Ruizen arabera, "horren urruti joan eta gero PSNk ezin du atzera egin". Aralar-Nafarroa Baiko Xabi Lasaren arabera, "atzera egitea garestiegi aterako litzaioke" alderdi sozialistari. Izquierda-Ezkerrako Joseba Ezeolazaren aburuz, "ikerketa batzordean ikusi direnak ikusi eta gero, ez du beste biderik". Eta Manu Aierdiren iritziz, "zuhurtasunez baikor izateko arrazoiak badira oraindik.
Lerroon azpian, Metropoli Foraleko parlamentarien gaurko solasaldia entzungai.