Irrikitown-en bezala, artekariak kantxan apustuak jasotzen ari dira jadanik, mila laurehuni baietz edo ezetz. Honez gero, bi aukera ditu PSNk. A aukera: zentsura mozioa aurkeztea, eta Barcinaren killer gisa aurkeztea maiatzeko hauteskundeetan; heroi-edo, Nafarroan; bilau-edo, Estatuan. Eta B aukera PSNk: zentsura mozioa ez aurkeztea, eta Barcinaren sostengatzaile gisa aurkeztea heldu den urteko hauteskundeetan, bilau-edo Nafarroan, eta auskalo zer Estatuan. Bertze aukerarik ez? Bai, bada bertze bat. PSNk C aukera baitu: zentsura moziorik ez aurkeztea, eta horren ordain Barcinak Goicoechea kontseilaria sakrifikatzea, bere lagun eta eskuin eskuaren burua PSNri eskainiz. Eta sozialistak, ez heroi, ez bilau. Ez erabat irabazle baina ez arrunt lotsa-emangarri ere. Ez ardo, ez ur. Beti bezala, beti-betikoa, Nafarroan. Egin apustu, A, B edo C.