Gaizka aranguren: Nafarroa Garaia, Estatu afera

Euskalerria Irratia 2014ko otsailaren 25a

Azken bi urteotan agerian gelditu da Nafarroa Garaiko agintaritza klasearen endogamia. Boterea kudeatzen dutenak ez dira hainbertze. Boterea kudeatzeaz onurak jaso dituztenak gehiago dira, baina gutxiengo bat izan da beti. Hori bai, gutxiengo handiena.

Espainiaren batasunaren mesedetan osatutako Nafarroako Foru Komunitatea (NFK) biluzik ageri da orain, nahiz eta berau janzteko etengabeko ahaleginetan diharduen Cordovillako egunkariak oraindik etsi ez duen.

Bertze behin, PSOEren eskuetan dago erregimenari eustea edo aldaketari bide ematea. Atzo, PSNko Pedro Rascónek, Parlamentuko Batzorde ikertzailean Goicoechea kontseilariari egindako galdeketaren ondotik, bere paperetan idatzita zeraman esaldia irakurri zuen. ”Goicoechearen lekukotasuna epailearengana eraman dadila” eskatu zuen, legez kontrako jarduerak egon daitezkeela adieraziz. Horrek, automatikoki PSNren hauteskundeen aldeko jarrera birbaieztatzen zuen.

PSOErena da erabakia. Estatu alderdi batek dauka giltza eta, normalean, Estatu interesen arabera erabakiko du. Nafarroa Garaian desagertzeko bidean gelditzen bada ere. Malasañan eskuratzen dituzte arazorik gabe NFKan gal ditzazketen botoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!