Bi argazkietan keinu berbera erakusten du: hatzak lokietan pausatuxe dauzka; azaleko argazkian ezkerreko eskua, barrukoan eskuinekoa. Komiki banda egin nahi lukeenak ez dauka zaila: bunbuiloan “ai, nire memoria!” idaztearekin, nahikoa. Azaleko argazkiak daraman izenburuan dago kakoa: “Ez dut gogoan”. Hori Lourdes Goikoetxeak Parlamentuko ikerketa batzordearen aurrean gehien errepikatutako esaldia.
Dena den, gauza onerako serioegi ageri du aurpegia Ogasun Kontseilari eta presidenteorde denak. Kezkak gainditua daukan pertsonaren bisajea da berea. Gotortasunari –edo gotorkeriari?- eutsiko dio agian itxuraz, baina harrapatuta sentitzen denaren jarrera adierazten dute ihesean dabiltzan begiek eta beherantz egiten duten ezpain ertzek. Ez dauka nonbait bere nagusiak, Yolanda Barcina presidenteak, histrionismo lotsagaberako daukan gaitasun hori.
Joxerra Senarrek bere kronikan dioen “memoria selektiboa”-rekin jarraituko du gaur ere Goikoetxeak, seguru asko, ikerketa batzordearen aurrean. Bitartean, Nafarroako Unibertsitatearen campuseko ermitan, amnesia kolektiboaren aldeko kandela iraungiezina piztuta egongo da.