Jon Orzaiz: Emakume beltz bat

Euskalerria Irratia 2014ko otsailaren 24a

Igogailuaren atea ixtear zela, lasterka ikusi duzu emakumea. Emakume dotore bat. Beltza, igogailua harrapatzeko lasterka. Oina zirrikituan sartu duzu eta automatikoki zabaldu da berriz atea. Eskerrak eman dizkizu marmar batean, edo hori iruditu zaizu, behintzat. Gero aurpegira egin dizu so, eta muturra okertu du. Nora zoazen galdetu dizu, lehor. Zortzigarren solairura zoazela erantzun diozu irribarrez, eta eskerrak eman dizkiozu, bere solairuaren botoiaz gainera, zortzigarrenarena ere sakatu duenean. Zazpigarrenera doa. Istant batez zalantza egin duzu: kortesia hutsez galdetu dizu nora zoazen, ala benetan jakin nahi zuen? Lehen solairua. Zure zapatei begiratzen diezu, kiroletako zapata higatuak, milaka eskailera igotakoak, hiriko asfaltoaren laztan etengabeetan akituak. Gero andrearen oinetakoak ikusi dituzu, nahi gabe. Larruzkoak eta distiratsuak. Argi duzu takoi fin horiek ez dutela sekula ere umeen txizarik, ospitaleko gaixoen gonbitorik edo kaleko putzuetako ur zikinik zapaldu. Bigarren solairua.

Zapatak bezala, larruzkoa da emakumeak daraman Louis Vuitton zorroa ere. Irmo hartzen du, esku artean. Inkontzienteki, are gehiago estutu du zorroa bularraren kontra, zure begiradaz ohartu denean. Hirugarren solairua. Zerbait esan dizu, aurreko lehortasun berberarekin, baino ez diozu ongi ulertu. Ez duzu ulertu nahi. Ea zertara zoazen zortzigarrenera. Horixe galdetu dizu. Esan nahi diozu hori ez dela bere egitekoa eta, mesedez, sar dezala muturra beste nonbait. Baina ez diozu esan. Horren ordez, Etxeberriatarren etxera zoazela aitortu diozu, hitz totelka. Neskamea zarela, eta bi hilabete daramatzazula egunero-egunero etortzen. Laugarren solairua. Ez dirudi zure erantzunak emakumea lasaitu duenik. Berak ez zaitu inoiz ikusi eta hori oso arraroa da. Gainera, Etxeberria andrea kanpoan da une honetan, eta senarra bakarrik dago etxean. Zuk ez dakizu zer erantzun, eta sorbaldak astindu dituzu. Bosgarren solairua. Zeure burua madarikatu duzu, emakumea bere tokian jartzeko adorea falta zaizulako. Larruazal zuria ez bazenu, ez zintuke horrela tratatuko. Baina zuria zara, beltzen sozietate batean.

Seigarren solairutik pasa ostean, bere azken labankada sartu dizu emakumeak. Ea berak nola dakien ez zarela konpainiarako andereño bat. Emagaldu bat. Eta Etxeberria andrearekin hitz eginen duela gaur gauean. Zazpigarren solairua. Igogailuaren ateak zabaldu dira. Ezer esan gabe atera da andrea, bere zapata eta Louis Vuitton zorro garestiekin. Begiradari eutsi diozu, ateak berriz zarratu diren arte. Zure harrotasun eta estimu guztia irentsi duzu segundu ixil horien artean. Gero, negarrez hasi zara. Zortzigarren solairua. Igogailuko ateak berriz zabaldu dira, baina ez zara mugitu. Behe solairuko botoia sakatu duzu, eta atzekoz aurrera hasi zara solairuak zenbatzen: zortzi, zazpi, sei... Eta pentsatu duzu ederra izanen litzatekeela, behingoagatik, arrazoirik gabe gorrotoa eta mespretxua erakutsi dizuten beltz horiek guztiek jakinen balute zer den zuria izatea; euren burua ihes egitera behartua ikus dezatela, miseriak edo gerrak itota; zuk aspaldi egin zenuen bezala, bizi guztiko aurrezkiak xahutu ditzatela Gibraltargo itsasertza klandestinitatean zeharkatu ahal izateko; eta behin lortuta, mesfidantza, beldurra eta irainak besterik topa ez ditzatela. Behin, besterik ez. Egun bakar batez, mundua goitik behera irauli eta rolak alda ditzala eskatzen diozu zure jainkoari. Baina ez du eginen, orain arte egin ez duen bezala. Behe solairura iritsi zara eta igogailuko ateak zabalik dituzu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!