Azken hilabeteetan sarri ikusten dut. Merced kalean goizean goiz. gizona, heldua, lerdena, presaka beti. Motxila eta zorro handi anitzak arin daramatza. bizkor makurtzen da zigarrokinak gordetzeko. Isilik dirau. Batzuetan bere baitarako ari da hizketan. Aldi baterako kalean diren bakarlarietako beste bat.
W. Shakespearek “Troilo eta Kresida” bere obrarik bitxienean Ulises jartzen du Akilesen aurrean eta borrokarako bere gogoa bizitzeko hau dio:
Bikaintasunak/ ez dezala saria hartu izandakoarengatik/ zeren eta jakinduria, edertasuna/ indar fisikoa, meritua, sehaska/ maitasuna, adiskidetasuna, ontasuna, / dena denboraren kalumnia eta bekaizkeriara lotua dago.
Gero eta kaletar galtzaile gehiago ditugu. Keinuetan, arropan, ibileran, zehaztasun txiki guztiek horren berri ematen dute. Denborak dena ondoratzen duela ematen du, promesak eta ametsak itzaliz.
Lagun hori Akiles izan daiteke. Ni ez naiz Ulises, baina S. Beckettek idatzi zuena esango nioke: “porrotaren ondoren aurrera egin daiteke eta porrot hobea eskuratu, axolagabetasunak, aldiz, ergelkeriaren lokatzan hondoratzen gaitu.”
Nire buruari gauza bera aitortzen diot.