Santi Leone historialari, irakasle, pentsalariak gaurkotasunari buruzko dekalogo multimedia plazaratzen du astelehenero Metropoli Forala saioan. Honatx aste honetakoa:
Hitzak
- Uholdea da gaurko lehen hitza, jendea uholdeka atera baitzen karrikara larunbatean hauteskundeak eskatzera eta kokotaraino dagoela ozenki adieraztera: 35.000 mila lagun, antolatzaileen arabera; 8.000, tarteka ONCEn lan egiten duen udaltzain baten arabera.
- Jendea ez zen bakarrik atera halakoren dimisioa –Barcinarena edo Goikoetxearena– eskatzera, erregimenaren bukaera eskatzera baizik: eta hori da gaurko bigarren hitza, erregimena. Jendea uholdeka atera zela erran dugu, baina igual-igual erraten ahalko genuen elemeniaka, purrustaka, pilaka, parrastaka, mordoka inguratu zituela Golemetarik Gaztelu Plazara doan ibilbidea. Erregimenak Cordovillan duen defendatzaileak ez zuen hitz horietarik bakar bat ere erabili.
- Diario de Navarrak nahiago izan zuen Bilduren ustezko barne dokumentu batez –gure hirugarren hitza– mintzatu, eta manifestazioari ez zion argazki bat ere eskaini bere azalean. Abertzale gaiztoen konspirazioaren enegarren edizioa hedatu zuen Cordovillako panfletoak, eta hori ere pozgarria da, argi erakusten baitu noraino dauden urduri betiko fedearen defendatzaileak.
- Ustelkeria da gure laugarren hitza: Parlamentuan, Idoia Nievesek azpimarratu zuen bera ez zela ustelkeriaz mintzatu, injerentziaz baizik, edo injerentzia saioez. Horrek izugarri poztu zituen erregimenaren bozgorailu guziak, fabore tratuak, injerentziak, irregulartasunak edo BEZa berandu itzuli izanak eragin dituen kalteak nahiko motiboa ez balira bezala Gobernu honi darion kiratsa sumatzeko.
- Desagertutako erresumak –gure borzgarren hitza–: izenburu hori du Norman Davies historialari ingelesaren liburu batek, eta izenburu hori paratu zion Alberto Barandiaranek ortzilarean Berrian argitaratu zuen artikulu bikainari. Nafarroa desagertuko ote da? Segun eta nola, nik nahiago nuke desagertuko balitz, edo gaur egun dituen ezaugarri batzuk bederen desagertuko balira. Baina, akaso, Nafarroa berri bat sortzear dago.
- Itxurakeria: horrela deitu diote Espainiako hainbat hedabidetan ETAk egindako keinuari. Barne ministroa antzerkiaz mintzatu da . Nire ustez, ETAren zinemagintzaz edota bakegintzaz dugun iritzia dugula ere, politikari eta kazetarien jarrera arduragabekeria hutsa. Edo, are makurrago, estrategia hutsa.
- Memoria da gaurko zazpigarren hitza: ederki idatzi baitzuen atzo, Berrian, Iñigo Aranbarrik memoriaz, eta ez hain ongi, nire uste harroan, Jorge Nagorek Diario de Noticias-en. Nagoreren arabera, ETAk eta, hedaduraz, ezker abertzaleak nahi duten tokian sartzen ahal dituzte beren “keinu positiboak”, eta iritzi hori justifikatzeko ETAren atentatu batzuk eta Egineko lerro-buru tamalgarri batzuk ekarri zituen gogora. GALen memoria ere hor dago, eta buruzagi sozialistek ez dute damurik adierazi: sozialista guziak ere pikutara igorri behar ditugu?
- Potroak: Espainiako politikaren oinarria nonbait, zeren nor eta nazioarteko ikuskariak Entzutegi Nazionalera eraman baititu. Ginda, ohi den bezala, González Pons PPko bozeramaleak jarri du: Frankismoan bezala, PPren politika nazioarteko prozedurei erronka botatzea da, erakusteko espainolek inork baino potro handiagoak dituztela.
- Gerra da gure bederatzigarren hitza, Lehen Mundu Gerra hain zuzen ere, aurten ehun urte betetzen baitira Gerra hura hasi zela. Atzo, Berria-k gehigarri interesgarria ekarri zuen horren inguruan.
- Udaberria hurbiltzen ari da, eta harekin batera liburu berriak. Heldu direnen artean, joan den astean ikusi nuen Iñigo Aranbarriren eta Iban Zalduaren liburu bana daudela, eta hori beti da pozgarria. Eta udaberriaren ondoren, uda. [youtube]https://www.youtube.com/watch?v=7uIFISklvXY[/youtube]