D ereduaren bertuteak aurre matrikulazio kanpainan

Euskalerria Irratia 2014ko ots. 20a, 14:06

Gaur hasi da aurre matrikulazioa haur eta lehen hezkuntzan. Hiru urteko seme-alabak dituzten familiek aukeratu beharra daukate: zein ikastetxetan matrikulatuko dituzten euren haurrak: publikoan, kontzertatuan. Eta zein eredutan.

UPNren apustua garbia da: PAI, Ingelesez Ikasteko Programa. Kosta ahala kosta zabaltzen ari da. D ereduari galga jartzeko, Barcinak berak Madrilen aitortua duenez.

Baina, eleaniztasuna ziurtatzen duen benetako eredua, D eredua delakoan, kanpaina egin dute aurten ere hainbat udalek, NIZE ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteak eta Ikastolen Federazioak, nork bere aldetik, oraingoan.

D ereduaren aldeko hotsak

NIZEk elkarteko ikastetxeen kalitatea nabarmendu du. Sare publikoko D ereduko zentroek osatzen dute taldea. Ohartarazi dute, hurbilekoa eta konfiantzazko hezkuntza dela eskaintzen dutena. D ereduko ikasleak hiru hizkuntzatan aritzeko gai direla nabarmendu dute eta kalitatezko hezkuntza eskaintzen 30 urte daramatzatela.

NIZEk D ereduko 59 Ikastetxe Publiko biltzen ditu. 1.200 irakasle inguru eta 11.500 ikasle ari dira bertan.

Eremu pribatura joz gero, Ikastolek eskaintzen dute D eredua. Hezkuntza berritzailea eta sortzailea, euskara eta euskal kultura eskaintzen duena. 0 urtetik 18 urte arteko proiektua dute aukeran eta eleaniztasuna ziurtatzen duena.

Hainbat udal ere D ereduaren alde

Nafarroan barrena 15 ikastola daude, 6.400 ikasle dituztenak eta 600 profesionalekin ari direnak.

Euskarazko ereduak dituen bertuteak, indarguneak, lortzen dituen emaitza onak bost adibideren bitartez azaldu nahi izan dituzte hainbat udalek bideo baten bitartez. A edo D eredua, zein aukeratu, zalantzan dabiltzan gurasoei zuzenduriko bideoa da, euskarazko eredua hauta dezaten. Izenburua: Experiencia mas excelencia igual a resultados.

Agoitz, Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Esteribar, Etxauri, Gares, Uharte, Oltzako Zendea eta Orkoien dira bideoa egin duten Udalak.

Hezkuntza Departamentuak bere aldetik, Nafarroako ikastetxeak biltzen dituen direktorio bat prestatu du ikastetxe bakoitzari buruzko informazio osatuarekin (eredua eta hizkuntza-programa, hezkuntza-eskaintza, tamaina, helburuak, balioak, zerbitzuak etab.). Oso erabilgarria izan daiteke 3 urteko 6.700 haurren gurasoentzat, datorren irailean ikasketak hasiko dituzten seme-alabek zein zentrotan ikasiko duten hautatu behar dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!