Mitxel Lakuntza: "Gorenak Goikoetxea auzia ikertu eta argitu dezan ahal dugun guztia eginen dugu"

Euskalerria Irratia 2014ko otsailaren 20a

ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntza (erdian), sindikatuaren agerraldi batean

Yolanda Barcina foru presidentearen eta Lourdes Goikoetxea Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren aurkako salaketa eraman du ELA sindikatuak Espainiako Auzitegi Gorenera. Bi goi kargudun erregionalisten kontra ikerketa penala irekitzeko aski arrazoi ikusten ditu ELAk, sindikatuaren Nafarroako koordinatzaile  Mitxel Lakuntzak Metropoli Forala saioan adierazi duenez. "Gure idurikoz aski zantzu daude pentsatzeko gutxienez bi lege hauste egin dituztela: influentzia trafikoa, batetik, eta sekretuen eta informazioen zabaltzea, bestetik".

Aurrekariak ezaguturik, Espainiako justiziarekin ez da gehiegi fido ELAren Nafarroako koordinatzailea. Ezin ahantzi daiteke Auzitegi Gorena izan zela Nafarroako Kutxako dieten auzia indargabetu zuena. Nolanahi ere, Lakuntzaren aburuz salaketak egin behar dira: "Guk gure esku dagoen guztia egin behar dugu gertaturikoa iker dadin. Badakigu nolakoak diren auzitegiak, ikusi beharko da zer erabaki hartzen duten, ikerketa abian jartzen duten, baina ahal dugun guztia eginen dugu hala izan dadin". Kontuz zergadun, kontsumitzaile eta erabiltzaileelkarteak ere salaketa aurkeztua du Gorenaren aitzinean, auzi honen beraren kontura.

Bestalde, ELAk berak Ogasuneko eskandalu hau lehertu baino lehen aurreikusia zeukan elkarretaratze bat egin du gaur eguerdian, Reino Arena pabilioiaren aitzinean. UPNren Gobernuaren diru xahuketa salatu du ELAk, xahuketa horren adibideetako baten aurrean: 60 milioi euro bota dituzte oraindik irekiera datarik, kudeatzailerik ez duen azpiegitura erraldoi horretan. "Diru xahuketa eta ustelkeria ezaugarri dituen gobernua da UPNrena, horregatik aldaketa behar du Nafarroak", adierazi du Lakuntzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!